Abenduaren 7a, Urdaibai Biosfera Erreserba gisa 40 urte
40 urteko historiaren ostean Urdaibaiko Biosfera Erreserbak mehatxupean jarraitzen duela salatu du Greenpeacek
- Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzeak balio ekologiko handiko naturgune babestua arriskuan jartzen duela salatu dute antolatzaileek
- Greenpeacek itsas mailaren igoeraren ondorioz urak har dezakeen eremu batean museo berria eraikitzeko kostaldeko babes-zerrenda 100 metrotik 20ra murriztea ahalbidetuko luketen arau-aldaketak baliogabetzea eskatu du
- Biosferaren Erreserbaren aldeko erakundeek agintariei eskatzen diete diru publikorik ez erabiltzeko interes pribatuei erantzuten dien proiektu honetarako
Urdaibai Biosferaren Erreserba izendatu zenetik 40 urte bete diren honetan, Greenpeacek salatu du mehatxupean dagoela oraindik, nahiz eta Euskadiko altxor natural garrantzitsuenetako bat izan. Ugariak dira ingurune horrek jasaten dituen presioak: espezie inbaditzaileak, bertako landarediaren ordez eukalipto-sailak jartzea, iraganeko jarduera industrialak eragindako lurzoru eta akuiferoen kutsadura, turismoaren ondoriozko masifikazioa… Horri guztiari gehitu behar zaio Guggenheim Fundazioaren eta euskal erakundeen proiektua, “Urdaibaiko Guggenheimaren anpliazio zatikatua”.
“Klima larrialdi betean ez hankarik eta ez bururik ez duen proiektua da. Ez du oinik, biosferaren erreserbaren erdigunean oinarrituko baita. Eremu horrek babes-figura ugari ditu, eta desagertzeko arriskuan dagoen fauna eta flora bizi dira bertan. Horregatik, proiektu honek egoera larriagotu besterik ez du eginen. Diseinatu duenak ere ez du ematen buru handirik duenik, proiektua urak estali dezakeen eremuan kokatzen baita. IPPCren iragarpenek eremu hori 2040an urpean gera daitekeela ohartarazten dute”, adierazi du Lorea Flores Greenpeaceko bozeramaileak.
Talde ekologistak data esanguratsu hori aprobetxatu nahi du gogorarazteko zergatik proiektu horrek ez lukeen argia ikusi behar, eta zein izan beharko liratekeen irtenbideak:
Zergatik ezin da proiektu hau aurrera atera?
- Izan ere, nazioartean babestutako eremu batean dago, benetako artelana bera izanik. 61.000 m2 baino gehiagoko proiektu bat da, Biosferaren Erreserbaren (euskal bakarra) erdigunean dagoena. Gainera, nazioarteko garrantzia duen hezegunea da, eta Europako Natura Sareko kontserbazio-eremu berezi baten parte da.
- Trantsizio Ekologikorako Ministerioa Kosta Legea urratzen ari delako proiektua gauzatu ahal izateko. Greenpeacek dagoeneko salatu du, Auzitegi Nazionalean, kostaldea babesteko zerrenda 100 metrotik 20 metrora murrizteko legez kanpoko aukera ematen duen Ministerio Agindua.
- IPCCren aurreikuspenen arabera, proiektua kokatzen den eremua urpean gera daitekelako, itsas mailaren igoeraren ondorioz.
- Eremuak dagoeneko gainditu duelako turismoa hartzeko duen gaitasuna, eta proiektu honek are jende gehiago erakarri nahi du eskualdera.
- Interes pribatuei erantzuten dielako, baina aurrekontu publikoarekin ordainduta, herritarren parte hartzerik gabe eta eskualdearen benetako beharrak kontuan hartu gabe.
- Proiektu bakarraz hitz egiten den arren, Bizkaiko Foru Aldundia zatitzen eta zatika aurkezten ari delako, Ingurumen Ebaluazio Estrategiko bat aztertu behar ez izateko.
Zer eskatzen du Greenpeacek?
- Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa, proiektuari argi berdea emateko eta ezarritako prozedurei muzin eginez abian jartzen ari diren neurri guztiak geldiaraztea.
- Ez dadila diru publikorik bideratu natura suntsitzera eta interes pribatuen mesedetan.
- Proiektua osorik ezagutaraztea eta jendaurrean jartzeko dagokion izapidea betetzea lortzea.
- Eskualdean benetako parte-hartze prozesu publikoa gauzatzea.
- Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako biodibertsitatea babesteko neurriak martxan jartzen laguntzea, bereziki, gune babestuen barruko habitatak, ekosistemak eta espezieak.
- Indarrean dagoen legedia bete dadin eskatzea (kostaldeei buruzko legea, Euskadiko biodibertsitatea eta ingurune naturala babesteko legeak, Aarhus-eko hitzarmena, etab.).