Ecoembes-en kudeaketa txarrak urtean 11 milioi euroko kostua du Gasteizko herritarrentzat

20-04-2021

  • Arazo horri irtenbidea eman beharrean, Udalak 751 euroko isuna jarri dio Greenpeaceri, egoera hau zaborontzi horietan itsatsitako “Ecoembes gezurretan” mezuarekin salatzeagatik.
  • Rethinking, Hondakinen Behatokiak eta Greenpeacek egindako azterlan baten arabera, Udalaren diru-kutxek diru-kopuru handiak ordaintzen dituzte gainerako zatiko (edukiontzi griseko) ontziak bildu, tratatu eta ezabatzeko.
  • Gasteizko herritar bakoitzak 44,3 euro ordaintzen ditu poltsikotik Ecoembes eta Ecovidriori

2021eko apirilaren 20a.- Rethinking GKEak, Hondakinen Behatokiak eta Greenpeace ingurumen-erakundeak “Ontzi-hondakinen kudeaketa txarraren kostu ezkutuak” izeneko azterlana argitaratu dute. Azterlan horren bidez, Ecoembes eta Ecovidrio beren ontzi-hondakinen kudeaketaren ondorioz Espainiar estatuko udalak beren gain hartzen ari diren benetako kostua azaleratu dute. Gasteizko hiriaren kasuan, zor hori 11,2 milioi eurokoa da urtero. Horrek esan nahi du Gasteizko herritar bakoitzak poltsikotik Ecoembes eta Ecovidriori 44,3 euro ordaintzen dizkiela urtean.

Hala ere, Greenpeacek hilabeteak daramatza Ecoembes-en baieztapenak desmuntatzen azterlan, txosten eta dokumentuen bidez. Ecoembes ingurumena babesten duen erakundetzat aurkezten du bere burua, baina Greenpeaceren arabera, ingurumena eta pertsonen babesean oinarritua dagoen Hondakinak Kudeatzeko legea benetan eraginkor bat eta abian jartzea oztopatzen ari den erakunde nagusia da. Egoera hori salatzeko, Greenpeaceko boluntario-taldeak salaketa ekintza bat egin zuen urrian: “Ecoembes gezurretan” esaldia zuten pegatinak jarri zituen birziklatzeko edukiontzietan. Hori dela eta, Vitoria-Gasteizko Udalak antolakundeari isuna jartzea erabaki du. Erakundeak albistea jaso berri du eta zigorrari aurre egingo diola berretsi du.

“Gasteizek Ecoembesi eta Ecovidriori ontzien %100aren ardura har dezatela eskatu beharko lieke, ingurumenerako eta herritarrentzako bidegabeko sistema hori salatzen duten kolektiboei presioa egin beharrean. Ecoembes eta ecovidrio ontzi guztiez arduratu behar dute, eta ez bakarrik edukiontzi horian, urdinean edo berdean daudenez. Edukiontzi grisean edo ingurumenean amaitzen dutenez ere arduratu behar dute. Gaikako bilketa eta berrerabiltzea posible izango litzateke ontziak gordailatu, itzuli eta itzultzeko sistema batekin (SDDR), baina Ecoembesek arazoa konponduko ez duten irtenbide faltsuen aldeko apustua egiten jarraitzen du, Reciclos delakoaren antzera”, adierazi du Greenpeaceko Xxxxxx bozeramaleak. “Ezin dugu onartu Ecoembesen erantzukizun ekonomikoa herritarrengan kargatzen jarraitu, gero honek, dirua bere irudian inbertitzeko eta Espainiar estatuan dagoen hondakinen krisia konpondu gabe uzteko”, esan du.

Estatuko datuak
Estatu mailan, tokiko erakundeek (udalerriek, probintziek eta irlek) urtero hartzen duten zorra 1.699 milioi eurokoa da Ecoembesek eraginda, eta 21 milioi eurokoa Ecovidriok eraginda.

GKEek aurkeztutako azterketaren bidez, errefusaren ontziak (edukiontzi grisa edo dena nahastuta jasotzen duena) Espainiako udal-kutxetan duten eragin ekonomikoari buruzko hurbilketa egin nahi da. Horrek agerian uzten du ontzien egungo gaikako bilketaren porrota (%67k errefuxaren edukiontzian biltzen jarraitzen dute). Ontzi arinak eta paper-kartoizkoak (biak Ecoembesek kudeatuak) edo beirazkoak (Ecovidrio enpresak kudeatuak) kubo grisean edo nahaste-ontzian badaude, berreskuratzeko zailtasun handiagoa izateaz gain, kostu handiak eragiten dituzte. Horiek, Ecoembes eta Ecovidrio enpresek berezkotzat hartzen ez dituztenez, tokiko erakundeek bere gain hartu eta ordaintzen dituzte.

Guztira, 2019rako, Gasteizko udal-hondakinen kudeaketak 23,5 milioi euro inguruko kostua izan zuela estimatu da. Kostuen ia bi heren (14,9 milioi euro) errefuxaren zatiari dagozkio. Hala ere, Espainian adierazi den bezala, zati handi bat Ecoembes eta Ecovidrio enpresek hartu beharko lukete, batez ere ontzi arinekin, paper-kartoiarekin eta beirarekin zerikusia dutenek.

Reciclos
Ecoembesen apustu berria, Reciclos izenekoa, Erresuma Batuan 2019an errefusatu zuten sistema bat da. Herritarrek ontziak eskaneatu behar dituzte edukiontzi horian utzi aurretik, gerora trukatu ahal izango dituzten puntuak jasotzeko. Britainia Handiko Gobernuak ez zion amore eman ontziratzaileen eta supermerkatuen lobbyak sustatutako soluzio faltsu horri, SDDR ezartzea eragoztea helburu bakar duena, azken honek mundu osoko 40 herrialde eta eskualdetan arrakastaz funtzionatzen duen bitartean.

Ecoembes eta Ecovidrio enpresek diote ez daudela legez behartuta edukiontzi horian, urdinean eta berdean biltzen ez diren ontzien erantzukizuna hartzera. Gaur egun, pizgarrien bidez errefuxaren zatiko ontzi batzuen berreskurapena sustatzeara (ontzi hauen kudeaketagatik sortutako kostuen zati txiki bat baino ez) mugatzen dira, eta bilketa eta tratamendu kostuen zatirik handiena herritarrek ordaintzen dituzten zergekin ordaintzen da. Baina Hondakinen Legearen Aurreproiektuarekin (gaur egun Parlamentuan izapidetzen ari direna), Ecoembes eta Ecovidrio arduratu beharko lirateke kudeaketaren kostu guztiez, horiek biltzen diren edukiontzia edozein dela ere.

Proposamenak
Egoera horren aurrean, Rethinkingek, Hondakinen Behatokiak eta Greenpeacek hau proposatzen dute:

  • Ecoembes eta Ecovidrio enpresei eskatzea ontzi guztien % 100 kudea dezatela, baita gainerakoen zatikian amaitzen direnak ere.
  • Ontziak benetan eta eraginkortasunez gordailatu, itzuli eta berreskuratzeko sistema (SDDR) ezartzearen aldeko adierazpena egitea.
  • Hondakinak sortzeagatik ordaintzeko politikak ezartzea: gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen du.
  • Erabilera bakarreko ontziak debekatzen dituzten tokiko politikak ezartzea.
  • Zatikako bereizketa ezartzea materia organikoa zabortegietara irits ez dadin.

Partekatu!