Greenpeace: 'Kosta ala kosta' txostenaren aurkezpena

Euskal kostaldea arriskuan: hondartzak galtzen hasiko gara datozen hamar urteetan

22-07-2024

  • Kostaldeak 40 metroraino egingo du atzera Bilbon mende amaieran, baina egoera larriagotuko duten proiektuak bultzatzen jarraitzen dute
  • Greenpeacek Euskadiko eta kostaldeko gainerako erkidegoetako arrisku nagusiak aztertzen dituen txosten bat aurkeztuko du gaur: kostaldea suntsitzea milioika egoiliar arriskuan jartzea da
  • Itsas mailaren igoera, itsas tenperaturaren igoera, muturreko fenomeno meteorologikoen areagotzea eta turistifikazio masiboa dira arrisku arrazoi nagusiak

 

Greenpeacek Crisis a Toda Costa 2024. Análisis de la situación del litoral ante los riesgos de la emergencia climática (hemen Euskadi) txostena aurkeztuko du gaur. Bertan, etorkizun hurbileko mehatxuen aurrean Estatu espainiarreko kostaldeak duen egoeraren erradiografia egiten du.

Itsasertzeko arriskuak

Ez dago kostaldeko eskualderik, eta Euskadi ez da salbuespena, arriskuan ez dagoenik gehiegizko urbanizazioa eta azpiegiturengatik, kutsadurarengatik, hesi artifizialak eraikitzeagatik (dikeak, kai-muturrak, itsas pasealekuak edo kirol-portuak), baliabide naturalak xahutzeagatik edota ibai-ibilguak bideratu, lurperatu eta desbideratzeagatik. Jarduera horiek guztiek desorekak eragin dituzte, eta, horren ondorioz, hondartzek atzera egin dute eta galdu egin dira, eta, horiekin batera hondartzek betetzen duten babes-hesi funtzioa. Hori arriskutsua da itsasertzean bizi diren milioika pertsonarentzat.

Jardunbide txar horiei klima-aldaketak berariaz eragindakoak gehitu behar zaizkie: itsas mailaren igoera, muturreko gertaera meteorologikoen maiztasuna eta intentsitatea handitzea (bero-boladak, lehorteak, euri-jasak, ekaitzak, urakanak, suteak eta uholdeak), itsaso eta ozeanoen tenperaturaren etengabeko igoera eta uretan disolbatutako oxigenoa galtzea, arriskuak modu esponentzialean areagotzea egiten dutenak.

  • Itsasoaren maila igotzeak, NASAren aurreikuspenen arabera, kostalde osoan hondartzen galera ekarriko du. Gogoan izatekoa da, Bruun arauaren arabera, batez beste, itsas maila igotzen den zentimetro bakoitzeko, kostaldeak metro bat egingo duela atzera. Aurreikuspenen arabera itsas mailaren igoerak Gipuzkoako hondartzen %70ean eta Bizkaikoen %45ean izango duela eragina. Mende amaierarako, Bilbo bezalako hirietan itsasoak 40 metro baino gehiago irentsiko ditu itsasertzean.
  • Itsaso eta ozeanoetako tenperaturaren igoeraren datuek erakusten dute itsasoko bero-boladak etenik gabe ematen ari direla 2022tik. Bizkaiko Golkoko urak dira ahulenak bero boladen intentsitate igoera honi. Itsasoko tenperatura altuagoek uretan disolbatutako oxigenoa gutxitzea eragiten dute, eta horri kutsadura gehitzen zaio, ura azidotzea eragiten duena. Europako Ingurumen Agentziak “hirukote hilgarria” deitzen dio horri, eta inpaktu larriak eragiten ari da jada biodibertsitatean eta itsas ekosistemetan, bai eta arrantzan eta itsaski-bilketan ere.
  • Muturreko gertaera meteorologiko gehiago eta intentsitate handiagokoak. Ur beroagoa gehiago lurruntzen da, eta horrek DANA eta zikloi indartsuagoak eta arriskutsuagoak sortzea eragiten du, uholdeek eragindako kalteak handituz.

Hamarkadatan zehar kostaldea nahierara desitxuratu dugu, baina horrek jada ez du gehiago funtzionatzen. Jada ez diogu arazoari aurrea hartzen, hemen baitago jada, eta konponbideak premiaz jarri behar dira martxan. Atzerapen orok kostu ekonomiko eta giza kostu handiagoak eragingo ditu”, azaldu du Maria Jose Caballero Espainiako Greenpeaceko Kosten arduradunak.

Hirigintza boomaren aurrean biziaraun zuen itsasertza izan arren, proiektu gutxi batzuekin, orain mehatxupean dago, gune babestu batean hirigintzako adibide txarrenetako baten eragoinez: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruko bigarren Guggenheim museoa. Han, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Muruetako ontziolei lurzoruak deskontaminatzeko duten erantzukizuna saihesten utzi die, eta kostaldearen babesa aldatu du, instalazioak Urdaibaiko paduretatik 20 metrora eraiki ahal izateko. Balio ekologiko handia du eremu horrek, eta, gainera, turistifikazioak kalte egingo lioke. Beste puntu beltzetako bat Petronorrek Barbadun itsasadarrean duen planta da, zeinak Muskiz zabortegi gisako batean bihurtu duen. Bi aldrebeskeri horiekin bat egiten du Lemoizko zentral nuklearraren lurretan arrain haztegi bat eraikitzeko proiektuak —Kosten Legeak ematen dion babesa altxatu du Trantsizio Ekologikorako Ministerioak— eta Getarian hegalaburra gizentzeko ustiategi baten proiektuak.

Itsas Balfegó S.L. eta Aztiren proiektua akuikulturarekin lotuta dago; Getarian hegalaburra gizentzeko ustiategia jartzeko proiektua. Proiektu honi lotuta, Kantauri itsasoan historikoki izan diren eta mundu osoan jasangarritasunaren eredu diren artisau-arrantzaren jardunbide egokien ordez, inguraketa-arrantza neurrigabea erabiliko da. Gainera, gizentzeko kaiola erraldoiek sortutako hondakinek eragin nabarmena izango dute itsas hondoetan.

Kantauri isurialdean hedatzen ari den beste arazoetako bat turistifikazioa da, eta dagoeneko Donostiari eragiten dio, eta neurri txikiagoan Bilbori. Urdaibaiko proiektuaz gain, beste puntu batzuk ere fenomeno beraren eraginpean daude, hala nola Santa Klara uhartea, bere kontserbazioaren aurka bisita-epea luzatu duena. Zoritxarrez masifikatutako beste puntu bat Gaztelugatxeko Doniene da, mugarik gabeko bisitari erakarpen bihurtuta, non edukiera mugatu baina aparkaleku eremuak handitzen diren.

 

Kostalderako irtenbideak

Premiazkoa da arrisku horiei aurre egitea. Berotegi-efektuko gasen emisioak neurriz murriztuz gero, mundu osoko hondartzen atzerapenaren % 40 saihestu ahal izango litzateke. Udal-, autonomia- eta estatu-mailan ere beharrezkoak dira egokitze-neurriak, kalteak minimizatzeko eta benetako irtenbide iraunkorrak bilatzeko. Orain arte aplikatutako irtenbideek, hala nola hondartzen leheneratze artifizialek eta itsas pasealekuen berreraikitzeak, jada ez dute balio. Denborale berri bakoitzak arazoaren erroari erantzuten ez dioten esku-hartze artifizial garestiak suntsitzen ditu. 2016tik 2020ra soilik 60 milioi euro inguru gastatu ziren hondartzetan hondarra artifizialki berrezartzen.

Irtenbideak tokikoak izan behar dira, itsasertzeko zati bakoitzak berezko ezaugarriak dituelako, baina administrazioek adostu behar dituzte, eta herritarrek urgentziaz parte hartu behar dute. Hondartzak babestu eta kontserbatzeak hondatzen uztea baino 150 aldiz onura handiagoa ekarriko luke.

Kostaldeak muturreko gertaera meteorologikoetatik eta klima-aldaketak eragindako itsas mailaren igoeratik babesten gaitu, baina guk zaindu beharrean erasotzen jarraitzen dugu. Ezaugarri naturalen galerak leheneratu egin behar dira, gu babestu ahal izateko”, azaldu du Lorea Floresek, Greenpeaceko koordinatzailea Euskadin.

Egungo egoerari buelta emateko, ezinbestekoa da:

  1. Berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko asmo handiko politikak eta kostaldea egokitzeko eta babesteko araudiak aplikatzea, zientziak markatzen duenaren arabera.
  2. Kostaldeko guneei ingurumen-kalitatea itzultzea, arrisku okerrenetatik babestuko duten sistema natural egonkorrak izateko.
  3. Uraren kalitatea pobretzen duen kutsadurarekin amaitzea, Europar Batasunari isun handiak ordaindu behar izatea eragiten dutena.
  4. Turistifikazio masiboari muga jartzea hainbat neurriren bidez, hala nola hegaldiak eta gurutzaontziak mugatzea, zerbitzu publikoak hobetzea eta ekosistemak leheneratzea ekarriko duten gaua igarotzeagatiko tasak ezartzea edo turismo-ostatuak mugatzea eta herritarrek turismo-plangintzan parte hartzea.
  5. Klima-aldaketari buruzko aurreikuspenak sartzea hirigintza- eta azpiegitura-plangintzan.
  6. Pantaila lana egiten duten eta hondarra hondartzetan metatzea eragozten duten eta itsas denboraleen indarra areagotzen duten hesi artifizialak sortzen dituzten azpiegituren eta urbanizazioaren eraikuntza eragoztea.
  7. Padurak eta hezeguneak kontserbatu eta barnealdera hedatzen laguntzea (itsas energia leuntzen dute, eta, beraz, babeserako oso aliatu onak dira). Gune horietan proiektuak debekatu eta daudenak kendu.
  8. Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoa zehazten duten mugaketak berrikustea (100 metro eremu ez-urbanizagarrian eta 20 metro eremu urbanizagarrian), hori baita DANA fenomenoen, ekaitzen eta itsas mailaren igoeraren aurkako gutxieneko babes-eremua.
  9. Urpean gera daitezkeen eremuak berreskuratzea. Espainiar estatuan, bero-boladen ondoren, uholdeak dira heriotza gehien eragiten dituzten bigarren fenomeno naturala. Eraikinez libratu (horien presentziak kalteak eta arriskuak esponentzialki areagotzen ditu) eta ibai eta etorbideen ibilgu naturalak berreskuratzea.
  10. Hesi artifizialek eta klima-aldaketak ekosistemetan, itsas espezieetan eta pertsonen osasunean eragindako kalteen ikerketa zientifikoa sustatzea.

———————

Txostenaren Euskadiko atalaren esteka HEMEN.

Txosten osoaren esteka HEMEN

 


Partekatu!