Greenpeace kezkatuta dago Gipuzkoako administrazioak Gurasos kolektiboaren aurka egiten ari den presioagatik

09-03-2021

  • Eragile hau Zubietako erraustegiaren proiektuaren aurka agertu da eta egindako salaketa publikoen ondorioz presio desberdinak jasaten ari da
  • Greenpeacek ohartarazi duenez, agintariek hartutako neurriek Gipuzkoako gizarte eragileen protesta eta salaketa soziala egiteko eskubidea kolokan jar dezakete
  • Erraustegia abian jarri zenetik izan diren irregulartasunek eta gorabeherek agerian uzten dute eredu hau zaharkitua dagoela eta herritarrak eta ingurumena arriskuan jartzen dituela

Greenpeacek kezka azaldu du Zubietako erraustegiaren proiektuaren inguruan azken hilabeteotan izan diren gertakariengatik eta agintariek gizarte eragileen aurrean hartutako jarrerarengatik. Proiektua, ofizialki Gipuzkoako Ingurumen Gunea deitua, abian jarri zirenetik irregulartasun larriak inguratuta egon da, eta agintari eskudunek (Gipuzkoako Foru Aldundia eta GHK, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa) behin eta berriz urratu dituzte informatzeko, parte hartzeko eta justiziarako sarbideari lotutako betebeharrak. Agintari eskudunek, barne ikerketak eta erantzukizunen arazketa hasi ordez, Gurasos taldearen aurkako legezko ekintzak hasteko mehatxu egin dute publikoki, Gurasos taldea Zubietaren egoera salatzen ari baita. Gainera, diziplina ekintzak eskatu dituzte Hondakinen Mankomunitate bateko kontu hartzailearen kontra, kalte ekonomikoen salaketak aztertzeko informazioa eskatu izanagatik. Horrelako jarduerek, SLAPP izenekoek (parte-hartze publikoaren aurkako auzi estrategikoak, ingelesezko siglengatik), gobernantza demokratikoa murrizten dute, ahuldu egiten baitute gizarte-erakundeek enpresen edo gobernuen jardueren gainean herritarren kontrol-funtzioa betetzeko duten gaitasuna.

“Argi daukagu erraustegia adabakia besterik ez dela hondakinak gaizki kudeatzen jarraitzeko. Irtenbide bat izatetik urruti, egoera larriagotzen ari da. Bereziki kezkagarria da administrazioa hartzen ari den jarrera, informaziorako eskubidea mugatuz eta herritarrak eta ingurumena arriskuan jarriz gauzak ondo egiteko erronka bere gain hartu nahi ez dutelako. Gainera, kezkagarria da barne-lana egin eta erantzukizunak argitu beharrean, GHKtik, erakundeen laguntzarekin, Gurasos kriminalizatu nahi izatea, irregulartasun horiek salatzeko eskubidea duen gizarte-taldea”, esan du Lorea Floresek, Euskal Herriko Greenpeaceko koordinatzaileak.

Egoera horren aurrean, erraustegiak beraien seme-alaben osasunean izan ditzakeen eraginengatik kezkatuta dauden gurasoek osatzen duten Gurasos kolektiboak, hainbat salaketa jarri ditu instantzia judizialetan,Ministerio Fiskalean, Europako Batzordean eta Parlamentuan. Salaketek, hondakinei buruzko zuzentaraua ez betetzeaz eta parte-hartzerik ez izateaz gain, besteak beste, kontratazioan iruzurra egitea eta aurrekontuen egonkortasunari buruzko arauak haustea; kontratazio-moduari kalte ekonomikoa egitea; ingurumen-baimenaren iraungipena; dokumentu-faltsutzeak; administrazio-prebarikazioa; kontratistari zigorrak barkatzea eta behar ez bezala ordaintzea; eta gaur egun labeak homologatu eta legeztatu gabe abian jartzea ere barne hartzen dute.

Esan behar da Informazio Publikoa Eskuratzeko Euskal Batzordeak Ingurumen Sailari kargu hartu diola gardentasunik ezagatik, eta horrek larriagotu egiten duela instalazioak osasunean eta ingurumenean eragin ditzakeen ondorio negatiboekiko kezka gizartearengan. Are gehiago, kontuan hartuta obrak hasi zirenetik zortzi isurketa, sute, industria istripu eta istripu kimiko larri gertatu direla, delitu ekologikoagatik ikertzen ari direnak. Behin, errauskailuaren kontzesiodunari zehapen irmoa jarri dio Industria Sailak, istripu industrialetako baten ondorioz, eta larriagotu egin du istripua ezkutatzea. Izan ere, agintariek istripu guztiak ezkutatu nahi izan dituzte, 2021eko urtarrilaren 12ko azken sutea izan ezik.


Partekatu!