Greenpeacek alegazioak aurkeztu dizkio Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari

28-07-2023

  • Erakundeak ohartarazi du plan hori ez dela gai Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) energia-sistema eraginkorra eta %100 berriztagarria lortzeko erronkari erantzuteko
  • Alderdi positiboari dagokionez, EAEko Lurralde Plangintza Sektorialak energia berriztagarrien hedapena erraztuko du, eta hori beharrezkoa da trantsizio ordenatu, garden eta bidezko baterako
  • Planak lurzoru urbanizaezineko azpiegitura handiak arautzen ditu eta beste araudi batzuen esku uzten du lurzoru urbanizagarriaren plangintza, baita energia berriztagarri barreiatuak ere, epe, mekanismo edo tresna argirik ezarri gabe
  • Era berean, Greenpeacek jarraibideak eskatu ditu parkeen hedapenean gizartearen parte-hartze goiztiarra bermatzeko eta tokiko komunitateekin onurak modu bidezkoan banatzeko

 

Greenpeacek alegazioak aurkeztu dizkio Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS). Erakundeak positibotzat jotzen du EAE energia berriztagarrietarako plangintza egiten aritzea, hori ezinbestekoa baita beharrezko energia-trantsizioa lehenbailehen, modu ordenatuan eta gardenean ezartzeko. Hala ere, uste du plan hori ez dela gai energia-sistema eraginkorra eta %100 berriztagarria lortzeko erronkari erantzuteko.

Berriztagarrien LPS eskasa

Energia berriztagarrietarako plan hori EAEn berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteari eta energia berriztagarriak sartzeari buruzko helburu zaharkituetatik abiatzen da, bai Europako helburu klimatikoei dagokienez, bai zientziak Parisko Akordioa betetzeko beharrezkotzat jotzen duenari dagokionez. Era berean, aipatzen du 2030erako azken energia berriztagarrien kopurua %21era iritsi arte soilik handituko dela, beste autonomia-erkidego batzuetatik inportatutako elektrizitatea ere kontutan hartuta. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan energia berriztagarriak hedatzeak modu nominalean baino ez dio lagunduko euskal ekonomiaren ezinbesteko deskarbonizazioari. Gainera, LPSk ez du ematen plangintza honen esparrutik kanpo geratzen den tamaina txiki eta ertaineko energia berriztagarrien potentzialari buruzko daturik; beraz, ezinezkoa da zehatz jakitea plan horrek zenbateko ahalmen erreala duen EAEk 2040rako %100 berriztagarria izango den energia-hornidurako sistema lortzeko duen erronkari erantzuteko. LPSk ez du informazio garbirik ematen beste autonomia batzuetatik edo beste herrialde batzuetatik zenbat energia berriztagarri inportatuko den jakiteko, eskaria murrizteko helburuak energia berriztagarriak sartzeko helburuak bezain urriak baitira: 2030ean, 2015eko energia-eskaerara itzultzea. Planean ez dira sartzen lurzoru urbanizagarrian, industriakoan, hiri-lurzoruan eta abarretan energia berriztagarriak hedatzea bermatzeko neurriak eta epe zehatzak. Halaber, ez du tresnarik kontuan hartzen lurzoru urbanizaezinetik haratagoko energia barreiatuen hedapen horretan oztopo izan daitezkeen legezko oztopoak kentzeko.

Lorea Flores EAEko Greenpeaceko koordinatzailearen arabera, “Energia berriztagarrien LPSn eskura dagoen informazioarekin eta Klima Aldaketaren Euskal Legean izapidetzen ari diren neurri eta helburuekin, argi dago EAEk ez duela izan nahi %100 eraginkorra eta berriztagarria 2040rako, lurraldeko baliabide berriztagarriei esker edo energia-eraginkortasun eta -nahikotasuneko neurriei esker. Aitzitik, aurresuposatzen du Euskadik ahalegin gutxiago egin ahal izango duela beste autonomia erkidego batzuen edo ahalegin gehigarri hori bere gain hartu beharko duten beste herrialde batzuen kontura, eta hori guztiz bidegabea da justizia klimatikoaren ikuspegitik”.

Biodibertsitatea eta klima babestea

Greenpeacek positibotzat jo du lurzoru urbanizaezinean tamaina handiko energia berriztagarrien instalazioak ezartzeko babestutako eremuak baztertzea. Hala ere, EAEko azaleraren %23 bakarrik dago babestuta, Espainiako Estatuak eta EBk, Biodibertsitate Estrategiaren bidez, 2030erako gutxienez lurrazalaren eta itsasoaren %30 juridikoki babesteko konpromisoa hartu dutenean. Ez dago argi LPSk konpromiso hori kontutan hartzen duen edo nola beteko duen. Era berean, erakundeak bere alegazioetan eskatu du biomasa energia berriztagarriaren iturri gisa aprobetxatzeko ingurumen-irizpideak sar daitezela, erabilera horrek klima-aldaketa larriagotu ez dezan, ekosistemak suntsi ditzan eta haren ekoizpenak lurzoruaren emankortasuna eta karbono-erreserbak mantendu edo hobetu ditzan, horrela elikagaien edo lehengaien ekoizpenarekin inolako lehiarik ez izateko.

Gainera, Greenpeacek salatu du memoriak Zabalgarbi eta Zubietako instalazioak, besteak beste, hiri-hondakin solidoen bidez energia berriztagarria sortzeko instalazio gisa hartzen dituela. Instalazio horiek ingurumen-arazo larriak sortzen dituzte, berrerabilgarriak, birziklagarriak eta konpostagarriak izan daitezkeen baliabideak erretzen ari dira eta, gainera, ez dute berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa murrizten laguntzen eta erregai gisa gas kantitate handiak behar dituzte. EAEk hondakinak erraustearen alde egiten duen apustua Autonomia Erkidego honek hondakinak gaizki kudeatzeko egiten duen adabakia da. Greenpeacek LPStik HHSen errausketa teknologia berriztagarri gisa kentzeko eskatu du, ingurumenean duen eragin handiagatik eta erregai fosilekiko menpekotasunagatik.

Proiektuetan gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bermatzea

Nahiz eta LPSk azpiegitura berriztagarriak instalatzeko eta erabiltzeko jarraibideak sartzea balioetsi behar den, deitoragarria da jarraibide horietako bakar batek ere ez izatea zerikusia proiektuetan gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bermatzearekin. Hori funtsezkoa da proiektuen lizentzia soziala bermatzeko, baita lurralde-konpentsazio gehigarriak ezartzeko neurriak ere, hala nola tokiko ETEen autokontsumorako instalazioak.

“Klima, ingurumena eta pertsonak errespetatuko dituen garapen berriztagarria” izeneko Greenpeaceko doukumentuan, aukera-sorta zabala dago herritarrek energia berriztagarrien proiektuetan parte har dezaten sustatzeko, bai gardentasun-neurriekin, bai proiektuen diseinua hobetzeko eragiteko ahalmenarekin, bai eta proiektuan modu ekonomikoan parte hartzeko ere. Hori dela eta, Greenpeacek eskatu du LPSko energia berriztagarriko proiektuak diseinatzeko, gauzatzeko eta ustiatzeko jarraibideetan gizartearen parte-hartzea bermatzeko neurriak sar daitezela proiektuaren hasierako etapetatik, eta, halaber, lurralde-konpentsaziorako mekanismo justuak ezar daitezela, energia berriztagarriak ezartzearen onurak tokiko mailan gauzatzeko gai direnak. Bi jarraibide-mota horiek funtsezkoak dira energia-trantsizioa demokratikoa eta bidezkoa izan dadin, gizarte-lizentzia eta desberdintasunak arintzeko gaitasuna handituz eta, aldi berean, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz. Gainera, Greenpeacek eskatu du LPSk EAEk udalei laguntzeko mekanismoak barne har ditzala, lurraldean energia berriztagarriak ezartzeak herritarrei ekar diezazkiekeen onurak ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta tokiko lurralde-antolamenduetan banatutako energia berriztagarrien hedapena bizkor bultzatzeko.

Azkenik, Greenpeacek adierazi du, planaren memoriak azaltzen duenaren aurka, energia berriztagarrien garapenak genero ikuspegiarekin lotura zuzena duela; izan ere, dakigun bezala, emakumeek pobrezia energetiko handiagoa jasaten dute, eta klima-aldaketak modu zuzenagoan eragiten die. Gauza bera gertatzen da gizarteko beste sektore ahulago batzuekin. Baina, gainera, EAEko nekazaritza-ustiategien kudeaketaren laurdena emakumeen esku dago (EAEko nekazaritza-zentsua 2020), eta LPS horrek kontuan hartu beharko lituzke emakume horien jardueren eragin bereizgarriak eta lurraren jabetza-egituren aldaketek generoaren arabera duten eragina.


Partekatu!