Eukaliptoaren azalera %101 hazi zen Euskadin 2005-2024 artean
Greenpeacek Bizkaian eukaliptoaren aldi baterako debekua 2030era arte luzatzea eta Euskadiko gainerako lurraldeetara zabaltzea eskatu du
- EAJk, PSEk eta EH-Bilduk indarrean dagoen eukaliptoaren moratoria luzatzea proposatu dute, erabakia eragin zuten arazoak konpondu arte
- Eukaliptoaren azalera %101 hazi zen Euskadin 2005-2024 artean, eta gaur egun 26.153 hektarea hartzen ditu, horietako 1.319 gune babestuen barruan
- Galiziako Xuntak 2030era arte luzatu du eukaliptoaren moratoria, nahiz eta 2022 eta 2024 artean ez-betetze arazoak izan eta eukaliptoaren azalera %6 handitu
- Premiazkoa da naturalizatutako eukaliptoek ekosistemetan duten eraginaren eta eukaliptoa Natura 2000 Saretik kentzeko beharraren eztabaida berriro irekitzea
Bilbon, 2025eko abenduaren 23an.- Greenpeacek gogorarazi du konpondu gabe jarraitzen dutela Bizkaian eukalipto-sail berriak aldi baterako debekatzea eragin zuten arazoek. Moratoria hori datorren abenduaren 31n amaitzen da, eta EAJ, PSE eta Eh-Bildu alderdiek Basoei buruzko Foru Araua hurrengo urtean onartu arte luzatzea proposatu dute. Azaroaren 11n aurkeztu eta abenduaren 29an Bizkaiko Batzar Nagusietan bozkatuko den proposamen horren arabera, “moratoriak indarrean jarraituko du Bizkaiko Lurralde Historikoko baso-baliabideen plangintza, antolamendua eta kudeaketa modu integralean arautuko duen Mendien Foru Arau berria indarrean jarri arte”.
Euskal Autonomia Erkidegoko Baso Maparen datuen arabera, Euskadin eukalipto-landaketek okupatutako baso-azalera % 101 hazi zen 2005-2024 aldian, eta 26.153 hektarea hartzen zituen dagoeneko (22.923 Bizkaian, 1.707 Gipuzkoan eta 1.510 Araban). Horrek eukaliptoak baso-azalera zuhaiztuaren % 5,34 hartzen duela esan nahi du. Basoen Inbentario Nazionalaren (IFN4) arabera, 2009ko datuak zaharkituak jastotzen dituenak, gutxienez 1.319 hektarea eukalipto daude naturagune babestuen sarean. Eta, egiaztatu ahal izan denez, eukaliptoa landaketetatik kanpo naturalizatzen da, eta, beraz, azalera handiagoa hartzen du babestutako naturguneen barruan.
“Espainiako Estatuko iparraldean eta ipar-mendebaldean eukalipto landaketen hedapenak jarraitzen du. Indarrean dauden moratoriak 2030era arte luzatzea funtsezko erabakia da eukaliptizazio prozesu berririk gerta ez dadin, Galizian dagoeneko gertatu dena kasu. Ezin da onartu penintsularen iparraldeko basogintza-sektorea zelulosaren ekoizpenaren monolaborantza ekonomikorantz joatea”, adierazi du Lorea Flores Euskadiko Greenpeaceko koordinatzaileak.
Eukalipto landaketa berrien aldi baterako debekuak (Galizian, 2021etik 2025aren amaierara arte, eta Bizkaian, 2022tik 2025aren amaierara arte) koniferoen ordez eukaliptoak masiboki erabiltzea saihesteko ezarri ziren, koniferoen baso-landaketetan sarraskia eragiten ari ziren zenbait baso-izurriteren (Monterrey pinua edo pinu radiata eta itsas pinua edo pinu pinua) eragin larria zela eta. Izurrite horien iraupenarekin batera, joan den azaroaren 4an Frantziak publiko egin zuen Landetako departamentuan (Akitania Berria) herrialdean izandako pinuaren nematodoaren (Bursaphelenchus xylophilus) lehen kasua agertu zela. Berri horrek erne jarri du berriro Euskal Herriko basogintza sektorea. Berriki, Galiziako Xuntak luzatu egin du, salbuespen batzuekin, eukaliptoari indarrean dagoen luzamendua.
“2022an Bizkaian eukaliptoaren luzamendua dekretatzeko erabakia izurriteek kaltetutako konifero-sailak eukalipto-landaketekin azkar ordeztearen ondorioz hartu zen. Eta suposatzen zen etorkizuneko Mendien Foru Arauak muga eta neurri handiak jasoko zituela landaketa horien hedapena geldiarazteko”, adierazi du Lorea Flores Euskadiko Greenpeaceko koordinatzaileak. “Baina arazoek aurrera jarraitzen dute, eta klima-aldaketa ekoizpen-eredu horren krisia azkartzen ari da. Duela gutxi, gainera, pinuaren nematodoaren agerraldi bat izan da Frantziako landetan, intsektu hegalarien bidez distantzia handietara hedatzen den izurria”.
Joan den ekainean, Espainia, Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadiko 25 erakunde ekologistek adierazpen bateratu bat argitaratu zuten, Galizia eta Bizkaiko eukalipto-sail berrien egungo luzamenduak gutxienez 2030. urtera arte luzatzea eskatzeko. Neurri hori iparralde osora zabaltzea ere eskatzen dute: Asturias, Araba, Kantabria eta Gipuzkoara.
Talde ekologistek ekaineko deklarazioan gogorarazi zuten bezala, konifero- eta eukalipto-sailetan izurriteen eragina areagotzea klima-aldaketarekin lotutako fenomenoa da, baina, aldi berean, izurriteen, suteen eta lurzoruaren emankortasun-galeraren aurrean oso kaltebera den landaketen kudeaketa-ereduaren ardura ere bada. Hori dela eta, basogintza-eredu berriak garatzea eskatzen da adierazpenean, etorkizuneko agertokien aurrean masa produktiboek erresilientzia handiagoa izan dezaten, dibertsifikazio handiagoa bilatuz (espezie barnekoa eta espezie artekoa), landaketa erregularretan, espezie bakarrekoetan eta agrokimikoak eta “arraseko mozketak” erabiltzen dituztenetan oinarritutako basogintza-eredua errepikatzea saihestuz, egungo klima-aldaketaren ondorioekiko oso ahulak direla erakutsi baitute.
“Onartu behar dugu Euskadiko basogintza-ereduak produkzio-joera handia duela: baso-espezie eta -formazio mota gehiago eta kudeaketa-eredu desberdinak dituen beste eredu baterako trantsizioa hasi behar dugu. Kontua da ez bakarrik baso-masen erresilientzia, baizik eta baso-sektorearena berarena”, adierazi du Floresek.
Espainiako Estatuko iparraldeko eta ipar-mendebaldeko eukalipto-landaketen gaur egungo arriskuari buruzko eztabaidan laguntzeko asmoz, Greenpeacek txosten labur bat argitaratu zuen joan den irailean, “El eucalipto: un elefante en la habitación del forestal” izenburupean. Bertan, Portugalen, Galizian eta Bizkaian eukalipto-landaketa berrien egungo luzamenduak eta beste lurralde batzuetan (Asturias, Kantabria edo Gipuzkoa) izandako eztabaidak aztertzen dira. Eztabaida hauek konfliktibidade handiko testuinguru batean eman dira, hain zuzen ere eukaliptizazioaren prozesuak dakarren arriskuengatik bere presentzia gero eta lurralde gehiagotan handitzen ari delarik, natur balio handiko guneetan gertatzen ari den Eucalyptus globulusaren zabalkunde eta naturalizazioarengatik eta basogintza sektorearentzat monokultibo ekonomiko baterantz bideratzearen arriskuengatik.
“Funtsezkoa da landaketetatik kanpo aurrera egiten duten eukaliptoen eraginari eta ekosistemekin duten interakzioari buruzko eztabaida berriro irekitzea. Duela urte batzuk, Espainiako Estatuko baso-administrazioak eztabaida hori amaitu gabe itxi zuen osagai politiko gehiegi dituen erabaki baten bidez, lurralde desberdinetan naturalizatutako eukaliptoek biodibertsitatean duten eraginaren ebidentziak alfonbra azpian ezkutatzeko hautua eginez. Basoko monolaborantzekin lotutako eraginak, eta bereziki eukaliptoak sortutakoak, kontuan hartu beharko lirateke Bizkaiko mendien foru-arauari buruzko hurrengo eztabaidan. Ezin dugu horrela jarraitu gure baso-masen erresilientzia eta baso-ekoizpena zaindu nahi baditugu”, esan du Floresek.
Informazio gehiago:
- Lorea Flores, Greenpeaceko koordinatzailea Euskadin: 669 157 866
- Greenpeaceko komunikazioa: 634 080 676