Erreaktiboa Eusko Jaurlaritzaren entzute-prozesuari buruzko lehen txostenaren aurrean
Greenpeacek Euskadiko eta Espainiako erakundeei eta museoari eskatu die herritarren Ezetza entzuteko eta Guggenheimaren hedapena geldiarazteko Urdaibaien
- Txosten honetan jasotako bost narratibetatik bakarra dago zabaltzearen alde, bi aurka dauden bitartean eta beste bik erakusten dute herritarrek proiektuan duten informazio eta parte-hartze falta
- Egoitza berriaren eta pasabidearen kokapena kritiken erdigunea da elkarrizketetan, eta turismoan oinarritutako eskualde-garapen eredua eztabaidagai nagusia da
- Greenpeacek espero du entzute-prozesua amaitzean administrazioek kontuan hartuko dituztela elkarrizketa horiek eta erakundeak proiektuaren aurka bildutako 90.000 sinadurak
Agirre Center Lehendakariak Urdaibaiko Guggenheimari buruz egindako entzute aktiboko prozesuaren atariko emaitzekin egindako lehen txostenaren aurrean, Greenpeacek museoari eta euskal zein espainiar erakundeei eskatu die atzerapauso bat eman dezatela eta Urdaibaiko Guggenheimen proiektua geldiarazi dezatela.
Txostenak bost narratiba nagusi antzeman ditu orain arte egindako 500 elkarrizketetan, aurreikusitako 1.000 elkarrizketetatik. Horietatik 1 bakarrik dago museoa Urdaibain zabaltzearen alde, eta horrek, Greenpeaceren arabera, erakusten du gizartean oso gaitzespen zabala dagoela proiektu horrekiko.
Informazio falta
Greenpeacek aspalditik salatzen duen bezala, entzute-prozesuaren atariko txostenaren ondorio nagusietako bat da proiektuari buruzko informazioa ez dela nahikoa. Hala, ezinezkoa da proiektuak izan ditzakeen eraginak erabat ebaluatzea, eta, gainera, urratu egiten da herritarrek ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eta Aarhus-eko hitzarmenak ezartzen duen benetako parte-hartze publikoa izateko duten eskubidea. “Beraz, gakoa da erakundeetatik eman diren urrats guztiak geldiaraztea, hala nola kosten legea aldatzea, Dalia eraistea edo hirigintza planak aldatzea, proiektuari buruzko informazio guztia jakin arte”, adierazi du Lorea Flores Euskadiko Greenpeaceko koordinatzaileak.
Garapen eredua zalantzan
Txostenak dioenez, aldatu egin da EAEko herritarrek turismoari buruz duten pertzepzioa: lehen, oparotasun-eredutzat hartzen zen; orain, berriz, zalantza ugari sortzen ditu, etxebizitza, mugikortasuna, zerbitzu publikoak eta gizarte-kohesioa bezalako funtsezko alderdietan turismoa handitzeak eragiten dituen inpaktuengatik. Lorea Floresen hitzetan: “Busturialdeak, Urdaibaiko Biosfera Erreserba osatzen duen haranak, hainbat behar sozial eta ekonomiko ditu, baina proiektu hau ez dator horiek konpontzera. Inkestatutako pertsona askok bezala, Greenpeacek ere lurraldeari lotutako beste bizimodu batzuk bilatzen dituen eta muga naturalak errespetatzen dituen garapen-eredu berri bat eskatzen du. Beharrezkoa da beste turismo eredu bat eta beste eredu ekonomiko bat sustatzea, Erreserbaren balio naturalak jokoan jarriko ez dituena”.
Erreserbaren nukleoa errespetatzea
Anpliazioaren kokapena ere eztabaidaren funtsezko elementua izan da elkarrizketetan, Greenpeace-rentzat den bezala. Murueta Biosferaren Erreserbaren erdigunea da, eta txostenean ematen zaizkion beste balio sozial, kultural, politiko edo identitarioez gain, Urdaibaiko legeak berak, Europako Natura 2000 Sareak (gune babestuena) eta nazioarteko garrantzia duten hezeguneen Ramsar hitzarmenak babesten dute. Nahikoa arrazoi, talde ekologistaren iritziz, bi egoitzetako bat Muruetan egitea saihesteko eta pasabidearen azken zatia eraikitzea baztertzeko.
Erakundeen papera eta diru publikoa
Txostenak askotan azpimarratzen du instituzioek hartutako neurriak herritarren benetako beharrei bizkarra emanda ematen ari direla. Izan ere, txosteneko narratibetako batek prozesuarekiko oso eszeptikoak diren hainbat pertsona biltzen ditu, uste baitute ziurrenik erabakiak hartuta daudela eta ezer gutxirako balioko duela entzuteko prozesu horrek edo herritarrei eskaintzen zaien gutxieneko parte-hartzeak.
Hori dela eta, Greenpeacek espero du euskal erakundeek eta Guggenheim Bilbao Fundazioak emaitza horiei erantzutea eta proiektua geldiaraztea. Cooper Roberston New Yorkeko aholkulariak txosten bat idatzi du Bilboko Guggenheim museoa handitzeko proiektuaren behar eta kostuei buruz, eta, aurreikuspenen arabera, 130 milioi euro baino gehiago kostako da proiektua, eta, neurri handi batean, diru publikoarekin ordainduko da. MITERDek hitzarmena sinatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiarekin 40 milioi euroren truke, eta Aldundiak berak iragarri zuen Bizkaiko aurrekontuetatik beste 40 milioi gordeko zituela.
“Oso deigarria litzateke euskal erakundeek diru publikoarekin hain garestia den proiektu bat bultzatzen jarraitzea. Ez da ulertzen, eskualde batean hainbeste arazo daudenean azpiegiturei, turismoaren saturazioari eta abarri dagokienez, diru publikoa egoera larriagotzen duen proiektu batera bideratzea, atzemandako arazoentzako irtenbideak sustatu beharrean. Proiektu honek, eskualdeak pairatzen dituen arazoak konpondu beharrean, larriagotu baino ez ditu egiten: turismoaren ondoriozko saturazio egoeran sakontzen du, eta horrek, aldi berean, ur eskasia eta azpiegituren saturazioa larriagotuko ditu, eta jende gazteari etxebizitza eskuratzea are gehiago zailduko dio”, jarraitzen du Greenpeaceko Euskadiko koordinatzaileak.
Eskualdeko beharrak kontutan hartu, balio naturala babestu
Gainera, erakundeak gogorarazi de Biosfera Erreserbak 40 urte baino gehiago dituen arren, eremu horretako biodibertsitatearen aurkako erasoak ugariak direla, eta museo honek espezie kalteberen gaineko presioa areagotu besterik ez duela egingo, hala nola bisoi europarra, zezen txoria edo espatula arrunta.
“Ingurumena benetan Eusko Jaurlaritzarentzat hain garrantzitsua bada, Pradales Lehendakariak ziurtatu zuen bezala, edo kontuan hartuko bada herritarrek zer esan behar duten, Elixabete Etxanobe foru diputatuaren hitzetan, lehen emaitza horiek adierazten dute, lehen genekienez, ia inork ez duela nahi museo hau Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren nukleoan eraikitzea. Beharrezkoa da eztabaida zintzo bat irekitzea eskualdearen benetako beharrei erantzuteko eta, aldi berean, duen balio natural handia babesteko”, amaitu du Lorea Floresek.
Inkesta egin zaien pertsonen sentsibilitate nagusien emaitza kualitatiboak jaso dira azterketa honetan. Gogora ekarri behar da Greenpeacek dagoeneko 90.000 sinadura baino gehiago bildu dituela proiektu honen aurka.
Informazio gehiago: