Hezeguneen eguna dela eta
Greenpeacek Guggenheim Museoan salatu du Urdaibaiko proiektuak eremu babestu horretako fauna eta floran izango dituen eraginak
- 30 aktibista baino gehiagok ekintza artistiko bat egin dute museoaren barruan, Biosferaren Erreserba honetako eraikuntzek bereziki kaltetuko lituzketen 10 animalia- eta landare-espezie irudikatuz
- Greenpeacek hainbat artistarekin izandako lankidetzatik sortutako jarduera “Stop Guggenheim Urdaibai” zioen pankarta batekin amaitu da
- Bisoi europarra, arrano arrantzalea, txori zezena, mokozabal arrunta, lezkari hauskara eta ihia dira proiektua aurrera eramanez gero arrisku gehien izango luketen espezieetako batzuk
Greenpeaceko aktibistek jarduera artistiko-performatibo bat egin dute Bilboko Guggenheim Museoaren barruan, Hezeguneen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Urdaibain etorkizunean egingo den proiektuaren aurka protesta egiteko. Aktibistek kamisetak erakutsi dituzte proiektu honek bereziki kaltetuko dituen hamar animalia eta landare espezie –horietako asko espezie zaurgarriak edo desagertzeko arriskuan daudenak– irudikatuz, eta “Stop Guggenheim Urdaibai” leloa duen pankarta zabaldu dute.
Jarduera hau talde ekologistaren eta hainbat artistaren arteko elkarlanetik sortu da: hasierako proposamena Ricardo Antón Troyarena izan da (des-artista), besteak beste, Bruno Latourren “gauzen Parlamentua” kontzeptuan oinarritua, zeinak antolaketa sozial berri bat proposatzen duen, gauzen eskubideengatik kezkatuko dena, eta honela proiektuaren inpakturik okerrenak jasango ditzuten elementuei ahotsa emanez; kamisetetako irudiak hezeguneko espezie garrantzitsuenetako batzuen ilustrazioak dira, I. Chapuis eta Julia Roaux irudigileek erakundearentzako egin dituztenak; azkenik, garapen psico-korporalean aditua den Begoña Juraistik gidatu ditu aktibisten mugimenduak hezegunea irudikatu ahal izateko Bilboko Guggenheim museoaren barnean. Aktibitate artistikoa laguntzen zuen abestia Pello Ramírezen Urazalean izan da.
“Anitzak dira proiektu hau aurrera ez eramateko arrazoiak, eta proiektu hau iragarri zenetik azaldu izan direnak. Baina gaur, Hezeguneen Eguna izanik, lgogora ekarri nahi zian dugu Urdaibaiko hezegunea izaki bizidun askoren bizitoki eta igarobidea dela eta hauei ez zaiela behar bezalako garrantzia ematen ari proiektuaren garapenerako bidean. Jarduera hau ez da museoaren kontrakoa, baizik eta espezie hauek arriskuan jarriko lituzkeen handitze proiektuaren aurkakoa. Kultura gehiago eta biodibertsitatea gehiago zaintzea nahi dugu. Gure planetaren kultura eta zaintza beti eskutik joan behar dira”, adierazi du Lorea Flores Greenpeace Euskadiko koordinatzaileak.
Biodibertsitatean duen eraginari dagokionez, gaur egun Muruetako Ontziolak dauden tokian jarriko litzatekeen egoitza eta bi egoitzak lotuko lituzkeen pasabidea dira gatazkatsuenak, bi instalazioek erdiz erdi zeharkatuko luketelako Urdaibaiko hezegunea, nazioarteko garrantzizko hezegune gisa katalogatuta dagoena, ekosistema hori eta haren mende dauden espezieak babesteko irizpide oro urratuz.
“Leku horretan, galzorian dauden espezieak babesteko ezinbestekoak diren habitatak daude, hala nola bisoi europarra, arrano arrantzalea eta zezentxoria, edo espezie kalteberak, hala nola espatula arrunta”, azpimarratu du bozeramaileak.
Hezeguneak funtsezko ekosistemak dira, eta, biodibertsitatea babesten laguntzeaz gain, klima-larrialdiaren inpaktuei aurre egiteko ere funtsezkoak dira. Greenpeacek egun hori baliatu du Guggenheim Fundazioari, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari gogorarazteko proiektu hori kaltegarria dela bioaniztasunarentzat, eta ez litzatekeela egin behar.
Etorkizuneko proiektuak kaltetuko lituzkeen espezieak
Proiektu honek animalia eta landare espezie askori eragingo lieke, baina Greenpeacek, jarduera honetan, horietako 10 azpimarratu ditu:
Ur-ibilguetatik gertu bizi den bisoi europarra, ugaztun txiki bat, eta Europako ugaztun mehatxatuenetako bat da. Gaur egun, Espainian dauden bisoien kopurua 100etik oso urrun ez dagoela uste da, eta horrek esan nahi du espeziea desagertzeko arrisku larrian dagoela. Gainbeheraren arrazoi nagusia bisoi amerikarrak dakarren mehatxua da. Hala ere, horiek berreskuratzeko habitat egokirik ez izateak arazoa larriagotu dezake.
Arrano arrantzalea hegazti harraparia da, eta oso lotuta dago uretako ekosistemekin, elikatzeko eta ugaltzeko. Hamarkadak igaro ondoren, 2021ean lehen aldiz arrano arrantzalearen bi txita jaio ziren Urdaibain. Espainiako Estatuan egoera kritikoan dagoen espeziea da, hein handi batean bere habitata suntsitu egin delako (kostaldeko urbanizazioak eta/edo instalazio turistikoak eta aisialdikoak eraikitzea) eta habiak egiten diren eremuetan eragozpenak sortu direlako (txangozaleen eta arrantzaleen joan-etorriak, bideak irekitzea, landaretza moztea, jarduera nautikoak…). Argi dago museo berri hau eraikitzeak, eta erakarriko lituzkeen ehunka mila oinezkoren joan-etorriak, espezie honi ez diola mesederik egingo.
Erakundeak ordezkatu duen beste izaki batekin estuki lotuta dago Txori zezena: ihiak. Landare horiek, beste batzuekin batera, ingurune berezi bat sortzen dute hezeguneetan ihitoki edo lezkadi izenez ezagutzen direnak. Leku horiek garrantzitsuak dira hegazti horientzat, babesa eta atsedena bilatzen baitute bertan, eta, batzuetan, habia ere egiten baitute. Ez da Txori Zezena giro horietatik onura ateratzen duen hegazti bakarra.
Txori zezen arrunta ere padurekin eta hezeguneekin oso lotuta dago eta desagertzeko arriskuan dago, hein handi batean bere habitataren degradazioagatik.
Ur benarriza Urdaibaiko ihitoki eta lezkadietan ere badago, eta proiektuak larriki kaltetu lezake. Hegazti txiki hau ere desagertzeko arriskuan dago eta bere mehatxu faktore nagusiak hezeguneen suntsiketa, habitataren erabilera aldaketak edo nekazaritza edo industria jatorriko isurketen ondorioz hezeguneetako uren kalitatearen galera dira.
Erreserbaren web orriaren eta Eusko Jaurlaritzaren agirien arabera, mokozabala da Urdaibaiko kontserbazioaren ikuspegitik balio handiena duen espeziea. Espeziea kaltebera gisa katalogatuta dago, eta kontserbaziorako hartutako konpromisoak daude. Hala ere, badirudi hori ez dela kontuan hartu Urdaibaiko Guggenheim museoa proposatzerakoan, espezie honen mehatxu nagusiak turistek sortutako eragozpenekin eta haien bizitzarako erabilgarriak diren eremuen hedapenaren murrizketarekin lotuta baitaude.
Koartza gorria tamaina handiko hegaztia da, ur-eremuei eta, zehazki, hezeguneei lotua. Espezie hau nahiko ugaria den arren eta desagertzeko arriskuan ez dagoen arren, bere populazioa etenaldian dago, eta Urdaibaiko hezegunean banaketa eskasa da. Berriro ere, espezie honi bere habitataren degradazioak eragiten dio nagusiki.
Hegaztiak horrelako hezeguneetako espezie deigarrienak diren arren, Greenpeacek beste espezie edo izaki talde garrantzitsu batzuk ere gogora ekarri nahi izan ditu. Horregatik, zerrenda osatzen duten azken hiru pertsonaiak hauek dira: burruntziak, askotarikoak izan daitezkeenak eta horietako batzuk ere desagertzeko arriskuan daudenak; salikornia izeneko landarea, hezeguneetan ohikoa dena eta habitat egokiak sortzen laguntzen duena; eta zostera bezalako algak, intsektuen eta arrainen habitaterako ezinbestekoak diren urpeko belardiak sortzen dituztenak eta organismo ugariren elikagai gisa ere balio dutenak.
Informazio gehiago
Hauek dira Greenpeace erakundearen eskaerak Urdaibaiko Guggenheim proiektuari lotuta.