Greenpeacek konpromisoa eskatzen du ekologia eta gizarte krisiaren aurkako hauteskunde-proposamenetan

23-06-2020

  • Erakundeak gaur aurkeztu ditu euskal hauteskundeetarako bere proposamenak
  • Hurrengo legegintzaldia erabakigarria izango da EAEn klima-aldaketaren ondorio atzeraezinak saihesteko
  • Ekologistek ezinbestekotzat eta premiazkotzat jotzen dute Klima Aldaketari buruzko asmo handiko lege bat onartzea

2020ko ekainaren 23a.- Greenpeace talde ekologistak, Euskadiko Parlamenturako hauteskundeetarako Greenpeaceren Proposamenak. (Krisi ekologikotik COVID-19ra. Sistema eraldatzea premiazkoa da) dokumentua aurkeztu du gaur. Dokumentu honetan hainbat neurri proposatzen dira sistemaren eraldaketa ikuspegi berde eta sozial batetik egiteko. Dokumentuak lehentasunezko 20 neurri ditu, eta neurri horiek krisi ekologiko eta sozialari erantzun nahi dion edozein hauteskunde-programatan egon beharko lukete. Horrez gain, atal zabalago bat dauka dokumentuak erakunde ekologistak proposatutako neurri guztiekin.

Euskal gizarteak erronka handiak ditu aurretik. COVID-19-ak eragindako pandemiak mende honetako bi erronka handienei batu egin zaie: larrialdi ekologikoa eta gero eta desberdinkeria sozial handiagoa. Zientziak dio datorren hamarkada erabakigarria izango dela klimaren eta biodibertsitatearen krisiaren aurka jarduteko, eta datozen lau urteetan ezinbestekoa izango dela erantzun bat ematea ondorio atzeraezinak saihesteko. Egoerak orain eskatzen digu, denbora errekorrean, aurreko hamarkadetan planetaren muga fisikoen gainetik bizitzeak ekarritako ondorioak atzera botatzea.

“Gaur egungo ekologia, gizarte eta osasun-krisian, irtenbideak ekonomia berde eta solidarioaren aldeko apustua egiteko aukera gisa har ditzakegu. Beste ekoizpen eta kontsumo eredu baterako trantsizioa inoiz baino premiazkoagoa eta beharrezkoagoa da” esan du Lorea Floresek, Greenpeaceko Euskadiko koordinatzaileak. “Euskal gizartearen oraina eta geroa uztailaren 12an aterako direnen esku egongo da neurri handi batean. Ekintza politikorako garaia da. Bada garaia gure eta planetaren osasunaren alde bozkatzeko”, gaineratu du Floresek.

Hauek dira erakunde ekologistaren lehentasun nagusiak hurrengo euskal hauteskundeetarako:

  • Eredu energetikoa aldatzea. Transizio energetiko justu bat sustatzea, 2040rako zero emisio garbien helburua beteko dela ziurtatzeko.
  • Elikadura osasuntsu eta jasangarria. Agroekologian eta “planetako osasun-dietan” oinarritutako elikadura subiranotasuna sustatzea eta artisau-arrantzaren aldeko apustu garbia egitea.
  • Biodibertsitatea salbazio-taula gisa. Euskadiko biodibertsitate eta ekosistemen babesa erdigunean kokatuko duen baliabideen eta lurraldearen kudeaketa eta antolamendua bermatzea.
  • #BerrAsmatu_gure hiriak. Ekonomia zirkularreko eta zero hondakineko politikak lortzea, ekoizpen eta kontsumo eredua birmoldatuta, eta garraio garbiaren eredua ezarriko dela bermatzea.
  • Bidezko Fiskalitate berdea. Trantsizio ekologikoa bultzatu eta desberdinkeria sozialak murriztuko dituen erreforma fiskala abian jartzea, pertsona guztiek oinarrizko baliabideak eskuratzeko eskubidea legez bermatuz.

Partekatu!