Gainkontsumo eguna eta udal hauteskunde kanpainaren hasiera direla eta

Greenpeacek planeta agortzen duten politikekin amaitzeko eskatu die Nafarroako klase politikooari

11-05-2023

  • Natur baliabideak, osasuna eta bizitza suntsitzen dituzten politiken aurrean, Greenpeacek bere proposamenak aurkeztu ditu foru erkidegoa pertsonen eta planetaren alde eraldatzeko
  • Nafarroako hiriburua iraunkorragoa eta bizigarriagoa egiteko proposamenak ere aurkeztu ditu
  • Hiriko boluntarioen taldea herritarren proposamenak jasotzera atera da, hurrengo legegintzaldian haien alde borrokatzen jarraitzeko
  • Erakundeak “Txinpun, bukatu da” mezua duen bideo bat kaleratu du estatu mailan. Bideo horren bidez ohartarazi nahi du planetaren mugak gainditzen ari garela eta une erabakigarria bizi dugula funtzionatzen ez duena aldatzeko.

Natura, osasuna eta bizitza suntsitzen dituzten politika suntsitzaileen aurrean, Greenpeacek dokumentu bat aurkeztu du Nafarroako Foru Komunitatea eraldatzeko bere proposamenekin, eta beste dokumentu bat Iruñeko hirirako, pertsonen eta planetaren aldeko proposamenekin. Maiatzaren 12a Gainkontsumoaren Eguna da, orduan agortuko baitira urte osorako izanen ziren baliabide naturalak. Aztarna ekologikoa jasanezina da, izan ere, urtean 2,5 planeta behar dira gizartearen kontsumoa ase ahal izateko. Zuzeneko emaitza da biodibertsitatea murriztea, atmosferan berotegi-efektua eragiten duten gasak igotzea eta uraren, elikagaien eta energiaren aldeko lehia areagotzea. Lasterketa suizida batean gaude, klima-aldaketak gero eta sarriago eragiten dituen fenomeno meteorologiko larriak bata bertzearen ondotik jasanez, bero-boladak, basoetako suteak, lehorteak, eta desberdinkeria gero eta handiagoa.

Erakundearen proposamenak zortzi giltzarritan oinarritzen dira, energiaren, mugikortasunaren, produkzioaren eta kontsumoaren eredua aldatzeko. Era berean, neurri horien bidez, Foru Erkidegoko uraren eta baliabide naturalen babesa sustatu nahi da, baso-politiketan aldaketa eta nekazaritza- eta abeltzaintza-sisteman iraultza sustatuz. Ekonomia soziala eta zirkularra sustatzeko eta instituzioak demokratizatzeko neurriak ere proposatzen ditu. Erakundeko ekintzaileek bilerak izan dituzte dagoeneko Parlamentura eta Iruñeko Udalera aurkezten diren talde politiko gehienekin. Gainera, Greenpeacek herritarren parte-hartzea ere sustatu nahi izan du ekimen honetan; horregatik, joan den maiatzaren 6an, antolakundeko Iruñeko boluntarioek informazio-mahaiak jarri zituzten beren hirian, herritarrek hauteskundeetara aurkezten diren alderdientzako proposamenak idatzi eta “hautestontzi” sinbolikoetan uzteko. Hala, ideiaz betetako “boto-txartel” horiei esker, bizilagunen ahotsak entzun dira, hiri iraunkorragoa lortzeko.

Tokiko eta autonomia-erkidegoko hauteskunde-prozesuen bidez aldaketa sortu nahi duen erakundearen egungo kanpainak bideo bat plazaratu du, “Txinpun, bukatu da” mezua duenaBertan, Greenpeacek Txinpun egitera dei egiten du klima-aldaketak lehortea eta suteak larriagotzen dituela ukatzen duten politikei; ura alferrik galtzea, landa eremua eta bertako biztanleak zaintzen ez dituzten, lurraldea irrazionalki ustiatzen duten politikei txinpun. Etxebizitzarekin espekulatzen duten eta kalitate txarreko baliagai iristezin batean bihurtzen duten politikei “txinpun”; aurrezpena eta energia berriztagarriak herritarren esku sustatu beharrean, “Txinpun”. “Txinpun”, osasunarentzat eta klimarentzat kaltegarria eta hiri eta herrien bizitza kolokan jartzen duena mugikortasun jasanezinari; gutxiengo baten alde eta gehiengoaren kontura preso egiten gaituen ekonomiaren mesedetan jarraitzeari; beharrezko oinarrizko zerbitzuak ez izatea, eta kontsumismoaren espiral suntsitzailean jarraitzeari, eredu osasungarri eta iraunkorragoen alde egin beharrean. Eta “txinpun” egitea, azken batean, ezer aldatu ezinaren inpotentzia-sentsazio horri. Posible delako.


Partekatu!