Suntsiketa kosta ahala kosta 2025: hirigintzaren eta klima-aldaketaren inpaktuak itsasertzean

Greenpeacek salatu du euskal kostaldearen kudeaketak ez duela kontuan hartzen klima-aldaketa eta hainbat hondartzaren desagerpenari aurre egin behar diola

17-07-2025

  • Klimaren eragina argia izan arren, Euskadin eraikuntza eta araudi berriak sustatzen jarraitzen da, itsasertzeko azken tarte libreen urbanizazioa errazteko, baita arrisku-eremuetan ere
  • Turismoa handitzen ari da euskal kostaldean, eta Euskadiko biztanleen % 60 kostaldeko udalerrietan bizi da. Horrek klima-aldaketak itsasertzean eragiten dituen inpaktuen eraginpean jartzen ditu milaka pertsona. 2050erako itsasoak lurrean 26 metro inguru sartzea espero da, Gaztetape edo Muriola bezalako hondartzak guztiz desagertuz
  • Erakundeak klima-aldaketa arintzeko eta egokitzeko neurriak eskatu ditu, kostaldearen eta bertako biztanleriaren kalteberatasuna murrizteko
  • Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak neurriz murriztuz gero, mundu osoko hondartzen murrizpena % 40 saihets daiteke

 

“Klima-inpaktuek bere gordintasuna erakusten diguten bitartean, euskal administrazioak beste alde batera begiratzen du, zaharkituta dauden iraganeko ereduak berreskuratuz eta babesten gaituzten kostaldeko ekosistemak mugan jarriz”. Hitz irmo horiekin laburbildu du Elvira Jiménezek, Greenpeaceko kanpainen koordinatzaileak, euskal itsasertzaren egoera. Gaur, 2000. urteaz geroztik, Espainiar kostaldearen etengabeko hondatzea adieraztenduen “A Toda Costa” izeneko txostenaren edizio berria aurkeztu du. Atal berri honetan, klima-aldaketak eta hirigintzak Euskadiko kostaldean dituen eraginak zehazten dira besteak beste. Inpaktu horiek satelite bidezko mapa batean ikus daitezke. Mapa hori ere Greenpeacek egin du.

Suntsiketa kosta ahala kosta 2025: hirigintzaren eta klima-aldaketaren inpaktuak itsasertzean txostena talde ekologistaren ikerketa zorrotza da, eta agerian uzten du klima-aldaketaren eraginetatik nola babestu behar dugun gure burua herrialdeak aurre egin behar dion gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-erronka nagusietako bat dela. Itsasoaren maila igotzea, uraren tenperatura igotzea, muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasuna eta intentsitatea handitzea, itsasertzaren higadura eta kostaldeko eta itsasoko biodibertsitatea galtzea dira jada kostaldean agertzen ari diren ondorioetako batzuk.

Euskal kostaldea arriskuan

Azken urteetan, Iberiar penintsulako iparraldeko autonomia-erkidegoek presio turistikoaren igoera nabarmena jasan dute. Alde batetik, udazkeneko hilabeteetan bisitak gehitu egin ziren, eta, bestetik, atzerritarren ostatu-gauak gehiago hazi ziren Espainiako iparraldeko eskualdeetan pandemia aurreko garaiarekiko eta artxipelagoekin eta penintsulako hegoaldearekin alderatuta.

Marketin instituzionaleko estrategiek ahaztu egiten dituzte klima-inpaktuak, eta turista-kopurua handitzearen alde egiten dute, espazio naturalen saturazio gero eta handiagoaren, urtaroko turismoaren hazkundearen eta herri askotan berezko xarma galtzearen kontura. Fenomeno hori bereziki kezkagarria da hainbat hamarkadatako industria-jardueraren ondorioz sakon degradatutako kostaldeko eremuetan; izan ere, eremu horietan oreka ekologiko ahula hondatzen ari da. Horrela, zerbitzu publikoen tentsio-eredu bat errepikatzen da, zirkulazio-saturazioa, etxebizitzaren kostu handia, eta horrek gentrifikazio-prozesuak eragiten ditu. Prozesu horiek tokiko biztanleria lekualdatzen dute eta bizikidetza zailtzen dute, eta beste lurralde batzuk hondatu dituzten akats berak errepikatzen dira.

Euskadiko kostaldearen gaineko presio turistikoak gorakada nabarmena izan du, eta azken urteetan bisitarien kopuruak gora egin du, 2024an zifra errekorretara iritsi baitzen, 4,7 milioi turistarekin. Kostaldeko eremuek, bereziki, turismo horren zati handi bat bildu dute, eta, horrekin batera, finkatu nahi den ingurunea mespretxatzen duten proiektuak egin dira. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban Guggenheim museoaren bigarren egoitza bat eraikitzeko plana denen artean negatiboena da, ez bakarrik Euskadikoa, baita Espainiako Estatu osokoa ere. Bi egoitza eraikitzea proposatu dute, horietako bat Muruetako Ontzioletan, nazioarteko babesa duten padurari irabazitako lurretan. Bereziki larria da Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak Kostaldeen Legea aldatu izana, Muruetan itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa babesteko zortasuna murriztea onartzen duen Ministerio Agindu baten bidez, instalazioak Urdaibaiko paduretatik 20 metrora (eta ez 100 metrora, behar lukeen bezala) eraiki ahal izateko. Izan ere, eremu hori babestuta dago bere balio ekologiko handiagatik, eta turistifikazioak eragin handia izango luke. Greenpeacek eta Guggenheim Urdaibai STOP plataformak maniobra tamalgarri hori salatu dute Auzitegi Nazionalean.

Bilbok eskualdeko turismo-motor indartsu gisa jarduten du, eta kostaldeko gune txikiagoetara ere hedatzen da, hala nola Lekeitiora (bereziki Garraitz uhartera) edo Mundakara. Gipuzkoan, Donostia kostaldeko hiria da bisitarien presioaren gorakadaren joeraren eta horren ondorioen adibide adierazgarrienetako bat. 188.000 biztanle pasatxorekin, hiriak milioi bat turista baino gehiago jaso zituen 2024an, eta gero eta espazio publiko gehiago, alokairuaren prezioaren igoera jarraitua eta etxebizitza turistikoen ugaritzearekin lotutako auzotarren arteko gatazkak. Gertuko beste udalerri batzuk, hala nola Getaria, Zumaia eta Zarautz, jendetza handia biltzen duten tokiak dira, baita gertuko naturguneak ere, hala nola Zumaiako flyscha. Izan ere, munduko ondare geologikoa da, eta itsasbehera dagoenean bisitarien sarrera mugatu behar izan du.

Euskadiko biztanleriaren % 60 kostaldeko udalerrietan bizi da, eta horrek klima-aldaketak itsasertzean dituen inpaktuen eraginpean jartzen ditu milaka pertsona. 2050erako itsasoaren maila 26 cm igotzea espero da, batez beste, emisioak neurrizko eran murriztuko diren egoera batean. Horrek esan nahi du itsasoak 26 metro harea jango dituela, gutxi gorabehera. Euskal kostaldearen morfologia dela eta, hondartzak eta estuarioak dira eragin handiena jasaten duten eremuak.

Egoera horretan, hauek dira batez besteko atzerakada handiena duten hondartzak:

  • Arrisku oso handia (20 – 30 m): Hondarribia, Ereaga
  • Handia (10 – 20m): Zurriola, Zarautz, Santiago, Itzurun, Deba, Ondarbeltz, Ondar Gain, Karraspio, Isuntza, Plentzia, Muriola, Arrietara, Barinatxe, Gorrondatxe, la Arena.

Hedadura kontuan hartuta, kalkulatutako atzerapenak Gaztetape edo Muriola hondartzak ia erabat desagertzea ekar lezake, edo hedaduraren erdia inguru galtzea Itzurun, Karraspio, Isuntza eta Gorrondatxeren kasuan.

Itsas mailaren igoerak eragindako uholdeei dagokienez, Murueta da inpakturik handiena duen udalerria (azaleraren % 26 baino gehiago dago arriskuan). Hor egongo litzateke Urdaibaiko Guggenheimaren bigarren egoitza, eta horrek zentzugabekeria handiagoa eransten dio proiektu polemiko honi. Portzentaje txikiagoetan, baina nabarmenetan, Plentzia, Bermeoko eta Mundakako kostaldea eta Urdaibaiko itsasadarraren ingurua, Ea, Lekeitioko kostaldea eta Lea ibaiaren bokalea, Ondarroa, Deba, Zumaia, Getaria, Orio eta Irun daude.

Testuinguru orokorra

Urtetan itsasertza ustiatu ondoren, babesten gaituzten kostaldeko ekosistema asko xahutu dira. Greenpeacek adierazi du 2050erako gehien kaltetuko diren hondartzak eta hiriguneak, eskura dagoen informazio zientifikoaren arabera, emisioak murrizteko agertoki moderatu batean (1).

Kostalde artifizial baten aurrean, zaurgarritasuna izugarri handitzen da, eta horrekin batera ondorioak. Hala ere, Greenpeacek salatzen duen bezala, itsasertzaren kudeaketa ez da errealitate horrekin batera aurrera egiten ari, eta kostaldearen eta bertako populazioaren zaurgarritasuna murriztuko duten arintze eta egokitze neurriak azkartu behar direla ohartarazten du. Lurralde-antolamenduko politiken eta lurralde horien erresilientzia handitzeko premia larriaren arteko koherentzia falta ere ikusten da.

Egoera kritikoa da, eta bigarren Guggenheim museoa bezalako proiektuek kostaldearen osotasunari mespretxua egiten diote, babesteko premiaz jardutea egokitzen zaigunean” adierazi du Lorea Flores Greenpeaceko Euskadiko ordezkariak.

Kostalderako irtenbideak

Premiazkoa da arrisku horiei aurre egitea. Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak neurriz murriztuta soilik saihestu ahal izango litzateke mundu osoko hondartzen atzerapena % 40. 2050erako, hondartzak babestu eta kontserbatzeak 150 aldiz onura handiagoa ekarriko luke hondatzen jarrai dezaten uzteak baino.

Greenpeacek proposatzen dituen irtenbide nagusiak hauek dira:

  1. Klima-ekintza premiazkoa eta asmo handikoa. Biodibertsitatea babestea eta energia-sistema berri bat diseinatzea, erregai fosilen eta uranioaren ordez energia berriztagarriak erabiltzeko.
  2. Kostaldea babestea, leheneratzea eta bernaturalizatzea. Natura eta haren prozesuak aliaturik onenak dira itsasertzean itsas mailaren igoeraren, uholdeen eta ekaitzen inpaktuak arintzeko. Naturan oinarritutako irtenbideak, inpaktu negatiboei aurre egiteko prozesu naturalak erabiltzen dituztenak, eraginkorrak dira eta azpiegitura grisen ohiko neurriak baino merkeagoak. Ezinbestekoa da bizirik iraun duten kostalde birjinaren zatiak zaintzea, batez ere hezeguneak, hondartzak eta babes-hesi gisa jarduten duten dunak. Kostaldeko zati posible guztiak leheneratu behar dira, etorkizunean pentsatuz eta behar bezala babes gaitzaten, eta aldi baterako adabakiak baino ez diren neurri garestiak alde batera utzi, hala nola hondartzak artifizialki birsortzea edo azpiegitura zaharkituak mantentzea.
  3. Arriskuarekiko esposizioa murriztea. Uholdeen eta higaduraren inpaktuei eta arriskuei buruzko datuak eta kartografia erabiltzea. Uholdeek edo itsas ekaitzek larri kaltetutako eremuak berreraikitzea eta bertan bizitzea saihestea. Izapidetzen ari diren eta uholde-arriskua duten eremuetan eraikitzea aurreikusten duten hirigintza-proiektuak geldiaraztea, eta uholde-arriskua arintzeko egiturazko neurriak erabiltzea galaraztea, eremu urbanizagarriak sortzeko bide gisa. Era berean, debekatu egin behar da lurrak urbanizagarri gisa kalifikatzea, horien arriskua arindu egin baita egiturazko obra bat eraiki ondoren.
  4. Zeharkako egokitzapena, tokikoa eta parte-hartze bidez. Klima-aldaketara egokitzeak tokiko osagai garrantzitsu bat du, eta, beraz, udalerri bakoitzeko arriskuak eta ahuleziak aztertu behar dira, eta, horretarako, egokitze-planak egin behar dira. Nazio eta eskualde mailako estrategiak behar dira, eta finantzaketa egokia izan behar dute. Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da.
  5. Turistifikazioari mugak jartzea, komunitatearen parte-hartzearekin. Turismoaren sektorea faktore erabakigarria da kostaldearen kudeaketan. Premiazkoa da etengabeko hazkundearen diskurtso kuantitatiboa eta kultura alde batera uztea, eta, horren ordez, kualitatiboa, bertako biztanleen beharrak eta ingurumen-mugak bateratuko dituen egitura-erreforma bat lortzea, orekan garatu ahal izateko. Erregulazioan aurrera egin behar da, eta, horretarako, luzamenduak ezarri behar zaizkie etxebizitza turistikoei, legez kanpoko eskaintza desagerrarazi behar da, aireportuetako jarduera murriztu behar da, ibilgailuak uharteetan sartzea mugatu behar da, garraio publikoa indartu behar da eta leku sentikorretako edukiera kontrolatu behar da.

 

Txostenaren esteka HEMEN 

Hiri eta klima inpaktuen satelite mapa HEMEN 

Komunikabideentzako irudiak  HEMEN

Ozeanoen berotzearen infografia HEMEN

 


Notas
  1. Klima-aldaketaren inpaktuei buruzko datuak lortzeko, autonomia-erkidegoetako bisore kartografikoak, bisore nazionalak eta argitaratutako txostenak erabili dira.

Partekatu!