Greenpeacek salatu du trantsizio ekologikoari kalte egiten diola dieselarentzako diru-laguntza mantentzeak

20-11-2020

  • 2021eko aurrekontuetako dieselaren parekatze fiskala kentzeak erakusten du EAJk eta Espainiako Gobernuak ez dutela konpromisorik kutsadura murrizteko, trantsizio ekologikorako oinarrizko puntu batean atzera eginez 
  • Industriaren alde egin beharrean, EAJk dieselaren alde egindako apustuak euskal industria-sarea zarkitua eta Europan gero eta baztertuagoa den teknologia bat mantentzera kondenatzen du 
  • Europar Batasunak dieselari hobariak emateari uzteko eskatu dio Gobernuari. Dieselaren emisioak kaltegarriak dira osasunerako eta bateraezinak Parisko Akordioan CO2-a murrizteko finkatutako helburuekin

HEMEN GAZTELANIAZ

Madril, 2020ko azaroaren 20a-. Estatuko 2021eko Aurrekontu Orokorrak onartzeko baldintza gisa dieselaren hobaria kentzeko EAJk eta Espainiako Gobernuak egin dezaketen akordioaren berri izan ondoren, Greenpeacek adierazi du onartezina dela osasun publikoari kalte egiten dion eta teknologia zaharkitu baten emisio kutsatzaileak sustatzen dituen erabakia.

Talde ekologistak gogorarazi du diesela dela hiri-inguruneetako airearen kalitate txarraren erantzule nagusia, eta haren erabilera sustatzen jarraitzeak eragotzi egiten duela aire garbia bermatzea eta berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murriztea, batez ere, markek neurketa-sistemetan egindako iruzur masiboaren ondorioz,“diéselgate” izenaz ezagutzen dena.

“Ez da logikoa dieselak gasolina baino zerga gutxiago ordaintzen jarraitzea, NO2 bezalako substantzietan edo partikuletan askoz ere kutsagarriagoa dela dakigunean. Substantzia horien mailek EBk eta OMEk osasun publikorako ezarritako mugak gainditzen jarraitzen dute”, esan du Adrián Fernándezek, Greenpeaceren mugikortasun-arduradunak, “Bidezko trantsizio ekologikoa lortzeko lehenengo urratsa da dieselaren fiskalitatea parekatzea, eta funts horiek pertsona guztientzako emisiorik gabeko mugikortasun baterantz bideratzea”.

Autogintzaren industria dieseletik urruntzen da

Zehazki, Greenpeacek gogor kritikatu du EAJ, automobilaren industria dieselaren pribilegioei eusteko aitzakia gisa erabiltzeagatik. Ekonomiarako eta enplegurako giltzarria den industria indartzetik urrun, erakunde ekologistak gogorarazi du diesela atzeraka doan teknologia dela, eta kontsumitzaileek gero eta gehiago gaitzesten dutena. Gainera, ohartarazi du automobil-konpainiek ‘zero emisio’ teknologiak garatzen dituzten fabrikak bakarrik mantenduko dituztela.

Europako gero eta herrialde gehiago ari dira diesel- eta gasolina-ibilgailuak saltzeko epemugak ezartzen; azkena Erresuma Batua izan da Espainiako ibilgailuak esportatzen dituen hirugarren herrialdea, eta aste honetan bertan jakinarazi du 2030etik aurrera ez duela erregai fosiletan oinarritutako auto gehiago gehiago inportatuko. Era berean, Greenpeacek gogorarazi du euskal industria aitzindari izan daitekeela garraio publikoaren eta elektrifikazioaren sektoreetan (CAF edo Irizar bezalako fabrikekin), eta hauek fiskalitate berdearen ondoriozko inbertsioen onuradun izan zitezkeela.

“EAJk jarrera hipokrita bat hartu du dieselaren aldeko dirulaguntzaren defensarekin; Izan ere erabaki honekin berak ezarritako emisioak murrizteko helburuak kontraesaten ditu eta euskal industria sarea arriskuan jartzen du. Industria eta ingurumena babesteak erregai fosilak atzean uztea ezinbesteko egiten du eta ez bakarrik klima larrialdi deklarazioak egitea” esan du Fernándezek, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela CO2-emisioak murrizteko Parisko Akordioarekin bat etorriz.

Fiskalitate berdea sozialki bidezkoa da

Greenpeaceren kritikak ez dira soilik EAJri buruzkoak, baizik eta nazioaren gobernuari buruzkoak ere badira, eta gogorarazi dio trantsizio ekologikoarekiko konpromisoa “kutsatzen duenak, ordaintzen du” printzipioarekin koherentea den fiskalitatean islatu behar dela. Ildo horretatik, Greenpeacek Gobernuari eskatu dio ez dezala amore eman dieselaren parekatze fiskalean, egoera bidegabea baita eta Europar Batasunaren harmonizazio fiskalarekin bat ez datorrelako.

Bruselatik behin baino gehiagotan eskatu zaio Espainiari dieselaren eta gasolinaren karga fiskala parekatzeko, ezohiko egoera bat zuzenduz, eta honela, klase pobreenei kalterik egin ordez, fiskalitate berderantz hurbilduko litzateke, irtenbide jasangarri eta sozialki bidezkoetan inbertsio gehiago egiteko ahalmena handituz.


Partekatu!