Greenpeaceko ekintzaileak, espetxe zigorretik absolbituta, Caparrosoko makroetxaldean protesta baketsua egiteagatik

16-12-2024

  • Iruñeko 1 zenbakiko Zigor Arloko Epaitegiak absolbitu egin ditu Greenpeaceko ekintzaileak egoitzan indarrez sartzeko delituagatik, baina isuna ezarri die, kalte delitua egotzita

  • Epaitutako ekintza 2021eko martxoan izan zen, Uraren Mundu Egunean, eta ekintza horretan, makrogranjari nitratoz kutsatutako mila litro ur itzuli zitzaizkion

  • Valle de Odieta SCL, makrogranjaren jabea, epaiketaren zain dago ingurumen-delituagatik

Joan den abenduaren 9an, Iruñeko 1 zenbakiko Zigor arloko Epaitegiak absolbitu egin zituen Greenpeaceko aktibistak pertsona juridiko baten etxean sartzea egotzita egindako delitutik. Aktibistak, Nafarroako Caparrosoko esne-behien makrogranjaren jabea den, Valle de Odieta SCL enpresaren jardunbide txarrak salatzen zituen ekintza batengatik epaituak izan ziren. Pertsona juridiko baten etxean sartzeko delituarengatik, 9 hiilabeteko gartzela zigorra eskatzen zieten. Aitzitik, Valle de Odieta makrogranjako hesia apurtzeagatik kalte delitu bat egotzi diete, eta bakoitzari 14 hilabeteko isun zigorra ezarri diete, 8 €-ko kuotarekin (3.360 €). Ministerio Fiskalaren akusazioak zigorra eguneko 10 €-tik gorakoa izatea eskatzen zuen, eta enpresaren akusazioak 15 €-tik gorakoa izatea. Horrez gain, hesia konpontzeko gastuengatik 1.208,75 €-ko zigorra ezarriko da. Oro har, ekintzaileek 28.880,75 euroko isuna ordaindu beharko dute.

Hala eta guztiz ere, ez da onartu albaitariaren gastuen asmoa (1.306,98 €); enpresak ekintzaileei 79 txahalek beherakoak eta deshidratazioa izan izanaren erantzukizuna egotzi nahi zien. Epaiketan ordea, azaldu zen, probableago zela, txahalen eritasuna makrogranjan pairatzen duten egoeraren ondorio izatea, Greenpeacen ekitzaren ondorioz izatea baino.

Beste behin ere, justiziak arrazoia ematen digu ingurumena defendatzen dugunoi; aktibistak ez ditu espetxera kondenatzen Valle de Odietak Caparroson duen makroetxaldearen aurka manifestatzeagatik, baina isun handi bat ordaintzera behartuko ditu instalazioetan ustez eragin dituzten kalteengatik”, esan du Lorea Flores Greenpeaceko bozeramaile eta epaitutako ekintzaileetako batek. “Uste dugu Valle de Odietak abiatutako salaketa eta ondorengo epaiketa hau gu kikiltzeko eta gure protesta isilarazteko beste saiakera bat dela. Zoritxarrez, gaur egun, abeltzaintza industrialaren eredu suntsitzailearen aurka manifestatzea garesti ateratzen da, baina Greenpeacek Espainian daramatzan 40 urteetan ez gaituzte isildu, eta ez gaituzte isilduko”, gaineratu du Floresek.

2021eko otsailean, Greenpeacek Caparrosoko makro-granjako minden legez kanpoko isurketa masiboek eragindako ingurumen-inpaktuaren lekuko izan ostean sortu zen protesta-ekintza hori. Akuifero eta ibaietara iritsi ziren isurketak, eta Aragoi ibaiaren Beheko Zatien Kontserbazio Bereziko Eremuari eragin zioten. Eremu hori Natura 2000 Sarearen mendeko gune babestuetako bat da, eta Europako ingurumen-eremu garrantzitsuenak biltzen ditu. Hain zuzen ere, kutsadura gertakari horregatik, beharrezko ikerketak egin ostean, Tafallako Epaitegiak ingurumen delituaren zantzuak antzeman zituen makroetxaldearen jardueran, nahiz eta oraindik ez dagoen epaiketa egiteko datarik.

Justiziak bizkorrago epaitu ditu natura eta ingurumena defendatzen ditugun pertsonak hura suntsitzen dutenak baino. Valle de Odieta oraindik ez dute epaitu Greenpeaceko aktibistak manifestatzera eraman dituen ustezko ingurumen delituagatik”, esan du Luis Ferreirim Espainiako Greenpeaceko abeltzaintza kanpainako arduradunak eta epaitutako beste aktibistetako batek. “Nafarroako Gobernuak ez ditu onartu behar Valle de Odietaren curriculuma duen enpresa baten asmoak, eta  bere jarduera zabaltzen jarraitzea eragotzi behar du. Are gehiago prozesuan dagoen ustezko ingurumen delituari buruzko epaia ezagutu aurretik”, ondorioztatu du Ferreirimek.


Partekatu!