Lemoizen aurkeztutako piszifaktoria proiektuaren aurrean
Greenpeaceren ustez, Lemoizko arrain-haztegiak Kantauriko kostaldearen gaineko presioa areagotuko luke, eta eremua hasierako egoerara lehengoratzeko exijitu du
- Valentziako Atitlan taldeak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektuak 170 milioi euroko inbertsioa beharko luke, zati batean finantziazio publikotik
- Mihi-arrainentzako arrain-haztegia egingo balitz, beste urrats bat izango litzateke Iberdrolak orain Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa den eremua leheneratzeko duen erantzukizuna saihesteko
- Akuikulturak itsas ekosistemetan dituen eragin kaltegarriak azpimarratzen ditu Greenpeacek: ura substantzia toxikoekin kutsatzea, basaespezieei gaixotasunak transmititzea eta ozeanoen gehiegizko ustiapena
Lemoizko zentral nuklearreko lurretan mihi-arrainentzako haztegia jartzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu du Greenpeacek. Valentziako Atitlan taldeak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen publiko-pribatua da, eta 170 milioi euroko inbertsioa beharko du, zati bat finantziazio publika izanen delarik. Erakundeak salatu dutenez, proiektuak Kantauriko kostaldearen gaineko presioa areagotuko luke, eta zentrala itxi ostean, eremua lehengoratzeko beharra azpimarratu dute.
Estatuko Administrazioak Iberduerori – orain Iberdrola- Lemoizko zentral nuklearrerako eman zion kontzesioa 2018ko uztailaren 29an amaitzen zen, eta, Kosta Legearen arabera, Gobernuak Iberdrolari eska diezaioke bere ingurua hasierako egoerara itzul dezala. Hala ere, 2018an Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen Lemoizko zentralaren lurren jabetza, eta horrek enpresa salbuesten du ingurunea zaharberritzeko erantzukizuna bere gain hartzetik, horrela 17 milioi euro inguru aurreztuz.
“Diru publikoa soberan balego bezala, badirudi Eusko Jaurlaritza tematuta dagoela enpresa pribatuei diru asko aurreztera, jarduera amaitu ondoren gune natural eta publikoak leheneratzeko duten arduratik libratuz. Orain Lemoizez ari gara, baina gauza bera gerta daiteke Muruetako ontziolekin Urdaibaiko Biosfera Erreserban”, adierazi du Lorea Flores Greenpeaceko bozeramaileak.
Akuikulturaren inpaktu negatiboak
Greenpeacek hamarkadak daramatza akuikulturak itsas ekosistemetan dituen eragin kaltegarriez ohartarazten, batez ere espezie arrainjaleak direnean. Hauek dira garrantzitsuenak: uraren kutsadura, materia organikoa eta substantzia toxikoak (hala nola algizidak, bakterizidak eta antibiotikoak) gehituta; gaixotasunak basaespezieei transmititzea; itsas ingurunea eutrofizatzea -argia eta oxigenoa gutxiago erabiltzen dira- eta ozeanoen gehiegizko ustiapena. Gainera, arrainak hazten dituzten instalazioek ez dute bermatzen animalia horien ongizatea, etengabe lesioak eta kanibalismoak eragindako heriotzak gertatzen diren kaioletan edo esparruetan pilatuta edukitzen baitituzte.
Mihi-arrainaren kasua bereziki kezkagarria da; izan ere, espezie haragijalea denez, uren kalitatearekin lotutako inpaktuak sortzeaz gain, arrain-haztegian giltzapetutako mihi-arrainak elikatzeko pentsuak egiteko beste arrain edo itsaski batzuk eduki beharrak areagotu egiten du espezie basatien beste populazioen gaineko presioa, eta murriztu egiten du arrain horiek (batez ere afrikarrak) harrapatzen diren kostaldeko populazioen elikagai-eskuragarritasuna, arrain hori baita proteina-iturri nagusia. Gogoratu behar da munduko arrantza-baliabideen % 37 baino gehiago gehiegi ustiatuta daudela, eta, beraz, horrelako proiektuak ez direla gehiegizko arrantzaren eta munduko gosearen irtenbide bat, baizik eta gure ozeanoak kolapsora bultzatzen dituen larrigarri bat.
Natura lehengoratzeko beharra
“Espezieak galtzen ari diren abiadura hain da handia, ezen ez baita nahikoa kontserbatzea. Komunitate zientifikoak ohartarazten digu ekosistemak leheneratzen hasi behar dela. Izan ere, Europar Batasunak Natura Lehengoratzeko Erregelamendua onartu zuen, eta horren arabera, 2030erako lurreko eta itsasoko eremuen % 20 gutxienez leheneratu behar dira, eta 2050erako behar duten ekosistema guztiak”, adierazi du Greenpeaceko bozeramaileak. Gaur egun, Natura Lehengoratzeko Plan Nazionala egiten ari dira, eta, horretarako, autonomia-erkidegoek leheneratu beharreko eremuak adierazi beharko dituzte.
Basordasko hondartzaren ingurua (orain zentraleko lanen ondorioz desagertuta dagoena) balio natural handiko ingurunea da, “flysh beltza” izenez ezagutzen diren harkaitz-formazioengatik edo 30 metroko ur-jauzia bezalako paisaia-elementuengatik bereizten dena. Itsasertza antolatzeko eta babesteko Lurralde Plan Sektorialak (LPS), Eusko Jaurlaritzak 2025eko azaroan hasierako onarpena eman zionak, babes bereziko espazioak eta ingurumen-hobekuntzetara bideratutako eremuak ezartzen ditu Lemoizko zentralaren hondakinen inguruko lurretan. Gune horretan arrain-haztegi bat ezartzeak arriskuan jartzen ditu LPSren helburuak, hau da, ingurunea kontserbatzea eta leheneratzea.
“Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi beharko lituzke euskal kostaldearen balio naturalak mehatxatzen dituen eta lehengoratze politikentzako galga den proiektu hau bultzatzeko planak”, amaitu du Floresek. Greenpeaceren ustez, gainera, ez litzateke diru publikorik bideratu behar nagusiki interes pribatuentzat onuragarriak diren eta naturaren degradazioan sakontzen duten proiektuetara.
Greenpeaceren eskaerak proiektu honen aurrean:
- Geldi dadila Lemoizen mihi-arrainen haztegi bat eraikitzeko proiektua.
- Basordasko hondartzaren ingurua lehengoratzea.
- Ez dadila diru publikorik inbertitu interes pribatuak dituzten eta natura mehatxatzen duten proiektuak finantzatzeko.
- Arrantza-inbertsioei lehentasuna ematea, artisau- eta kosta-arrantzaren belaunaldi-aldaketa sustatzeko eta urak babesteko, eremuko arrantza-stockak berreskura daitezen.