2026ko Suntsiketa kostarik kosta txostena
Krisi klimatikoa euskal kostaldean: 15 puntu kritiko, 4 milioi hondartzak konpontzeko eta kaltetutako hainbat arrain eta itsaski espezie
- Euskal itsasertzak eta haren biodibertsitateak ez dira bizirik irtengo klima-aldaketatik, konponbide naturalik eta hirigintza-kontrolik gabe: dunak eta padurak leheneratu behar dira, ekaitzen aurrean babes elastiko gisa jardun dezaten
- Itsasoko biodibertsitatea Kantauri itsasoaren berotzearen eragin larriak jasaten ari da dagoeneko, eta, besteak beste, legatzari, bokartari, berdelari, hegaluzeari eta antxoari eragiten die
- Akuikulturako zenbait proiektuk mehatxu egiten diote euskal kostaldeari. Adibidez, Basordasko kalan (Lemoiz) mihi-arraina hazteko eta gizentzeko Aquacría Basordasek eta Getariako atungorria gizentzeko kaiolek
Greenpeacek 2026ko Suntsiketa kostarik kosta txostena aurkeztu du; bertan, euskal kostaldeak klima-aldaketaren inpaktuen aurrean duen hauskortasuna azaltzen da. Hondartzek, itsaslabarrek eta estuarioek geomorfologia konplexuan eta energia handiko itsas dinamikan duten zaurgarritasuna aztertzen du dokumentuak. Giza presio handia beste estres-faktore bat da kostaldearentzat (populazioaren % 32 lurraldearen % 18an soilik kontzentratzen da). Txostenak euskal kostaldeko 15 puntu kritiko jasotzen ditu, eta mapa honetan kontsulta daitezke. Horregatik guztiagatik, erakundeak naturan oinarritutako konponbideak eta hirigintza-kontrola eskatzen ditu, euskal kostaldea egokitzeko eta kontserbatzeko giltzarri gisa.
Euskal kostaldearen arazo nagusiak
Aurten, autonomia-erkidego guztiak ari dira Kosta Legeari erasoak egiten, Asturias izan ezik. Baita klima-aldaketa iritsi dela eta hilgarria dela jakitun ez diren edo izan nahi ez duten alderdi politikoak ere. Ondarearen defentsaz hitz egiten da, baina errealitate fisikoa alde batera uzten da: ez itsasoak ez klima-aldaketak ez dituzte errespetatuko salbuespen administratiboak.
“Kosta Legea udalerrientzako “heriotza-epaia” dela diotenek ulertu behar dute benetako epaia zementua olatuak baino indartsuagoa zela oker erabaki genuen egunean sinatu zela. Beste garai bat zen. Orain, premiaz ulertu behar dugu dagoeneko existitzen ez den kostalde bati eustea ez dela ekonomia babestea, iragarritako hondoratze bat finantzatzea baizik”, adierazi du Lorea Floresek, Greenpeacek Euskadin duen ordezkariak.
Horren adibide argi bat Ogoño lurmuturreko itsaslabarraren oinetan dugu. Han, birnaturalizazio proiektu bat atzeratu egin da Lagako hondartzako aparkalekua mantentzeko. Hondartza autoz bisitatzen dutenen presioak garrantzitsuagoak dirudite hondartzaren biziraupena bera baino.
Neguko denboraleek eragin handia izan zuen kostaldeko azpiegitura zurrunetan. Konponketen kostua 4 milioi eurokoa izan da Bakioko Estepona ibaian (450.000 €-ko kostua), Zumaiako Itzurun hondartzan, Gorlizko itsas pasealekuan, Sopelako Atxabiribil hondartzan eta Donostiako Ondarreta hondartzan (konponketaren kostua 2,5 milioi eurokoa izan da) egin diren lanen artean banatuta. Puntu kritiko gisa, 1,5 milioi euroko gastua izan duen Zarauzko malekoiaren eraberritzea nabarmendu behar da. Kostaldeko pasealeku horrek berebiziko egitura-arriskua du, sedimentazio naturalaren dinamika blokeatzen baitu, hondarra sistematikoki galtzea eraginez eta denboraleek hirigunean duten inpaktua handituz. 2050ean azaleraren % 30 gal dezakeen hondartza batean hormigoiarekin jarraitzea da. Olatuek hormigoizko horma bat jotzen dutenean, energia ez da xurgatzen; indarrez errebotatzen du eta hondar gehiago eraman eta hormaren oinarriak zulatzen ditu. Inondik ere ez da behin betiko konponbidearen edo hondartzak klima-aldaketaren inpaktu gero eta gogorragoetara egokitzearen adibide bat.
Itsas ekosistemen aurkako mehatxuak
Itsasoko eta kostaldeko biodibertsitatea inpaktu larriak jasaten ari da dagoeneko, klima-aldaketarengatik. Kantauri itsasoko ura berotzearen ondorioz, legatzaren eta bokartaren tamaina txikitzen ari da. Gainera, lekualdatzeko ibilbideak ere aldatzen ari dira, hotzago dauden eta oxigeno-kontzentrazio handiagoa duten urak aurkitu nahian. Berdela ere iparralderantz mugitzen ari da, antxoen errute-garaia eta hegaluze gazteen migrazioa aurreratzen ari den bezalaxe.
Hainbat akuikultura-proiektuk ere mehatxatzen dute itsasertza. Aquacría Basordas proiektuak, esaterako, Basordasko kalan (Lemoiz) garai bateko zentral nuklearraren lurretan mihi-arraina hazi eta gizentzeko egin nahi den akuikultura-parkea. Dirudienez inori ez dio axola espezie haragijaleen akuikultura industrial intentsiboak desoreka larriak eragitea, hala nola konposatu organikoak, desinfektatzaileak, bakterizidak eta antibiotikoak etengabe isurtzearen ondoriozko eutrofizazioak ura kutsatu eta kalan disolbatutako oxigenoa murriztea; beste arrain-espezie batzuen gehiegizko ustiakuntza, arrain haragijaleen elikadurak arrain basatiak masiboki harrapatuta egiten diren pentsuak behar direlako, edo Itsasertzaren Lurralde Plan Sektorialean lehengoratzeko eta ingurumena hobetzeko espazio gisa katalogatutako eremu batean makroenpresa pribatu bat ezartzea bateraezina delako.
Beste proiektu batek, Getarian atungorria gizentzeko kaiolen proiektuak, fase pilotua gainditu du, eta laster ustiapen industrialari ekingo dio. Mediterraneoko instalazioek ur askoz lasaiagoak dituzte hemen baino, eta horregatik, hemen, hondakin organikoak (gorozkiak eta janari-hondarrak) askoz azkarrago sakabanatuko dira. Gainera, atun konfinatuak berdelez eta sardinaz elikatzen dira, eta arrain-espezie horien kopuru handiak behar dituzte. Jabeek, Itsas Balfegók, Kataluniatik Euskal Herrirako jauzia eman dute. 2009an, Greenpeacek salatu egin zituen, espeziearen arrantza-aldiak luzatzen saiatu zirelako, enpresak berak milioi bat eurorekin finantzatu zituen ikerketa zientifikoetan oinarrituta.
Albiste on batzuk
Euskal itsasertzaren kalitate ekologikoarentzako albisterik onena bigarren Guggenheim Museoa Urdaibain (Muruetan) egiteko proiektua erretiratzea izan da, babestutako paduretan izango duen eraginagatik.
Beste albiste positibo bat angularen arrantza-lizentzia profesionalak ematea geldiaraztea izan da, espeziea arrisku oso larrian eta segurtasun-mugetatik kanpo aurkitzen dela adierazten duten txostenei esker.
“Euskal kostaldeak gero eta agerikoagoak eta bortitzagoak diren inpaktuak uzten dituen krisi klimatikoari aurre egin behar dio. Administrazioak errealitate horri aurre egin behar dio bere itsasertzeko aberastasunaren biziraupena bermatzeko” gehitu du Floresek.
Greenpeaceren eskaerak
Txostenaren arabera, itsasertzak eta haren biodibertsitateak ezingo diote klima-aldaketari aurre egin. Premiazkoa da itsasbazterraren kudeaketa moldagarria, honako puntu hauetan oinarrituta:
- Higadura larriagotzen duten hormigoi, kai-mutur eta dikeen ordez natura leheneratzea lehenesten duten konponbide naturalak.
- Urak har ditzakeen lekuetan eta kostako azken zati libreetan adreilua geldiaraztea.
- Arriskuan dauden etxebizitzak eta azpiegiturak kentzeko lanak planifikatzea, eta hondar artifiziala berritzeko milioika euro gastatzea ekonomikoki bideraezina dela onartzea.
- Ibaiak eta urtegiak kudeatzea, hondar naturala berriz hondartzetara irits dadin.
- Kostaldearen etorkizuna irizpide zientifikoen eta parte-hartze sozialaren arabera diseinatzea, epe laburreko interes politikoetatik urrunduz.