Caparrosoko makro-granjako arduradunen aurkako epaiketa, ingurumen delituagatik
Valle de Odieta ez ezik, ingurumenean, gizartean eta osasunean eragin handia duen abeltzaintza eredua ere epaituko da
- Ustez Valle de Odietako mindekin ureztatzeagatik epaituko dituzte Odietako zuzendaritza kontseiluko kide ziren pertsona fisikoak
- Baliteke poluzioak Aragoi eta Arga ibaien behealdeko KBE gune babestuari eragin izana, desagertzeko arriskuan dauden espezieen habitatei, alegia
- Fiskaltzak lau hilabete eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du, eta bere aldetik Sustrai Erakuntza eta Greenpeacek osatzen duten herri akusazioak hiru urte artekoa
Gaur, irailaren 2an (asteartea), ustez Caparroso Valle de Odietako makro-granjak Aragoi ibaian 2021ean izan zuen jardueraren ondorioz sortutako kutsaduraren inguruko epaiketa egingo da Iruñeko Zigor arloko 2. Epaitegian. Garai hartan Valle de Odietako zuzendaritza kontseilua osatzen zuten pertsona fisikoen balizko erantzukizunak epaituko ditu prozesuak: Alberto Guerendiáin Azpíroz, Pedro José Guerendiáin Azpíroz, María Cilveti Oyarzun, Pedro María Cilveti Oyarzun eta Iñaki Guerendiain Azpiroz.
2021eko otsailean, kutsadura-gertakari larri bat izan zen, ziurrenik digestatoarekin ureztatzeagatik (Odietako minden biometanizazio-prozesuaren ondoriozko hondakina) bere instalazioetatik gertu dauden nekazaritza-lursailetan, eta, horretarako, dirudienez, duten ihinztadurazko ureztatze-sistema erabili zuten.
Kutsadurak minda-isurketa handiak eragin ahal izan zituen, eta inguruko sakanetan ur-jauziak sortu. Horrela, dirudienez, kutsadura Aragoi eta Arga ibaien behealdeko KBE gune babestura ere irits ahal izan zen, galzorian dauden espezieen habitata denera, hala nola bisoi europarra, apoarmatu europarra eta zenbait saguzar espezie. Parke Naturaletik eta Errege Bardeako Biosferaren Erreserbatik hurbil dauden eremuei ere eragin ahal izan zien.
Zantzu horien aurrean, hainbat talde ekologista eta sozialek isurketa horiek salatu zituzten, iritzi publikoak ezagut zitzan, eta Nafarroako Ingurumen Fiskaltzaren aurrean ere aurkeztu zituzten salaketak. Hori da gaur egingo den epaiketaren jatorria, eta bertan Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Greenpeace Herri Akusazio gisa pertsonatu dira, gertakariak salatu zituzten erakundeen interesak defendatzen jarraitzeko.
2021ean salaketa jarri ondoren, Tafallako 1. Instrukzio Epaitegian hasi zen prozesua, eta, ondoren, Iruñeko 2. Zigor Epaitegira pasatu zen. Epaiketan, Fiskaltzak Valle de Odietako zuzendaritza kontseiluko lehen bi pertsonak baino ez ditu akusatu, eta zuhurtziagabekeria larriz egindako ingurumenaren aurkako delituengatik egin du. Horretarako, 4 hilabete eta erdiko kartzela zigorra, 8 hilabeteko isuna (20 € eguneko) eta abeltzaintzarekin lotutako lanbide edo ogibiderako desgaikuntza berezia eskatu ditu. Herri-akusazioa osatzen duten erakundeek akusazioak helarazten dizkiete zuzendaritza-kontseilua osatzen zuten pertsona guztiei, eta, era berean, zigor eskaerak 3 urtera arte luzatzen dituzte.
Gaurko epaiketaren saioan, delituengatik akusatutako pertsonek deklaratuko dute, baita gertakarien lekukoek ere (Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zaintzako agenteak, CHEko Guarderioko agenteak, Foruzaingoko eta Guardia Zibileko agenteak, eta isuriek kaltetutako etxalde bateko jabea), baita gertaerak aztertu eta gertatutakoari buruzko txostenak idatzi zituzten perituek ere.
“Gaur Valle de Odieta eseriko da akusatuen aulkian, ustezko ingurumen delitu batengatik. Herri akusazio gisa pertsonatu garen erakundeetatik, Sustrai Erakuntza Fundaziotik eta Greenpeacetik, esperantza dugu epai eredugarri bat emango dela, enpresak bere delituzko jardueragatik ordain dezan balio izateaz gain, abeltzaintza industrialaren eredu suntsitzailearen eta bere makro-granjen aurkako borrokan aurrekari bat sentituko duena”, esan du Pablo Lorente Makroken Aurkako Plataformako bozeramaileak.
Nafarroako makrogranjen aurkako plataforma osatzen duten erakundeek adierazi dute adi jarraituko dutela prozesu judiziala berme guztiekin gauza dadin, eta ingurumena eta herritarren osasuna defenda daitezen makro-granjetako enpresek oro har nekazaritzako lurzoruetan zein lur gaineko eta lur azpiko uretan eragiten duten kutsaduraren aurrean. “Gogora ekarri behar da nekazaritza eta abeltzaintzako nitratoek eragindako kutsadura Nafarroa osoan zabaltzen ari dela. Izan ere, Nafarroako Gobernuak nitratoekin kutsatutako zonak handitu behar izan ditu, aurreko urteetan hala izendatuta zeuden 4 zonetatik, eta uztailean onartu zen azken berrikuspenaren ondoren, 12tan daude”, adierazi du Lorea Flores Compains-ek Makorgranjen aurkako plataformako kide eta Greenpeaceko Nafarroako koordinatzailea.
“Egoera larria eta kezkagarria da. Eta zuzendu beharrean, Nafarroako Gobernuak abeltzaintza eredu industrialari eusten jarraitzen du, eta horrek ondorio onartezinak ditu osasunean, ingurumenaren kalitatean eta tokiko abeltzaintza sarean. Ez da ulertzekoa Gobernuak uko egin izana kausa honetan alderdi interesdun gisa agertzeari. Uste dugu Nafarroako Gobernuak makro-granjen zaintzan eta kontrolean egin dituen jarduerak ez direla nahikoak izan, ez dutelako balio izan ingurumenarentzat arriskutsuak diren horrelako egoerak prebenitzeko”, erran du Pablo Lorente Plataformako bozeramalea eta Sustrai Erakuntza Fundazioko kidea.
Beraz, Nafarroako Makrogranjen aurkako plataformako kideek azaldu dute hau ez dela balizko kutsadura puntual kasu huts bat, baizik eta, ingurumenean, osasunean eta gizartean eragin handia duen abeltzaintza-eredu batek sortzen dituen ondorioak pairatzen ari garela. Hori dela eta, berriro eskatzen dute Nafarroako Gobernuaren inplikazio eraginkorra bere ardurakoak diren gune babestuen defentsan eta integritatean, bai eta nafar guztien osasunean ere. Era berean, Nafarroako Gobernuari jarrera kementsua exijitzen diote nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreko lobby industrialaren aurrean.
“Administrazioaren zeregina ezin da mugatu Nafarroako lurraldean nitratoek gero eta kutsadura handiagoa eragiten dutela egiaztatzera. Borondatea, bitartekoak eta baliabideak eskatzen dizkiogu, egoera modu estrukturalean iraultzeko. Hori dela eta, eskatzen dizugu nekazaritza eta abeltzaintza eredu industrializatuaren aldeko apustua alde batera uzteko eta, horren ordez, tokiko sistema agroekologikoa bultzatzeko, deskontzentratua eta lurraldea zaintzea, osasun publikoa, eta bertan lan egiten dutenei bizi baldintza ekonomiko eta material duinekin landara itzultzea bultzatuko duten talka-politika publikoekin”, amaitu du Pablo Lorente.