Usamos cookies para mejorar tu experiencia.
Entendemos que estás de acuerdo si sigues navegando.

25-03-2020

COVID-19ak sortutako osasun krisian gertuko nekazaritza, abeltzantza eta arrantza jasangarriari babesa adierazteko gutun irekia

Greenpeacek nekazaritza eta abeltzaintza txiki eta ertainari eta arrantzari laguntzeko gutun ireki hau jarri du abian. Izan ere, oro har, eta gaur egungo osasun-krisiaren esparruan, kalte handiak jasaten ari dira, merkataritza azalera handien mesedetan.

Greenpeacek nahi duten erakunde guztiei bat egitera gonbidatzen die formulario honen bidez

Ez dugu zalantzarik momentu honetako lehentasuna bizi dugun osasun krisia gainditzea dela. Horregatik, mila esker mehatxu hau gelditu ahal izateko bere onena ematern ari diren pertsona, zerbitzu eta administrazioei.

Krisi globaleko egun hauetan, gure pentsamenduak eta elkartasuna COVID-19 delakoaren ondorioei zuzenean edo zeharka aurre egiten dietenekin daude, eta, bereziki, ahulenak diren pertsona eta komunitateekin. Gizarte gisa dugun balio komun onenetako bat besteekiko eta gure planetarekiko adeitasun kolektiborako gaitasuna da.

Horregatik, eta orain inoiz baino gehiago, planetarekin orekan lan egiten duten nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako sektoreetako kalitatezko eta hurbileko produktuak behar ditugu. Gizartearen babesa eta elkartasuna sentitu dezazuen nahi dugu.

Naturak babestu egiten gaitu eta jatetik ematen gaitu. Tamaina txiki eta ertaineko nekazaritza eta abeltzaintzak zein inpaktu gutxiko artisau arrantzak, lurraldearekiko lotura estua izanik, natura babesten dute, elikagaien hornidura ziurtatzen dute, eta landa eremua bizirik mantentzen dute bertan populazioa finkatuz.

Osasun krisiaren aurrean ohartzen gara benetan garrantzitsua denaz: pertsonak, osasun publikoa, planetaren zaintza, elikadura, ura, airea… pertsonen arteko harremanak, eta zalantzarik gabe, inoiz baino gehiago, elkarlana. Pertsona guztiek bat eginik, pandemia honi aurre egin diezaiokegu, baina baita ere gizadiak aurrean duen erronka handienari, klima larrialdia eta biodibertsitatearen galera. Gizarteak baloratzen duen nekazal, abeltzaintza eta arrantza sektore indartsu, jasangarria eta gertukorik gabe ez dugu lortuko.

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera, familia-haztegiak planetako nekazaritza-ustiategi guztien %90 baino gehiago dira, eta munduko elikagaien %80a ekoizten dute balio ekonomikoari dagokionez. Bestalde, arrantzaren %90 eskala txikikoa da, eta herrialde txirotuetako harrapaketen erdia hartzen du. Hala ere, desberdinkeriak ere agerikoak dira. Adibidez, emakumeek nekazaritzako eskulanaren ia %50 hartzen dute, baina nekazaritza lurren %15 baino ez dute jabegoan.

60ko hamarkadara arte, nekazaritza izan zen estatu espainiarreko ekonomiaren oinarri nagusia, eta gaur egun aldiz, populazio aktiboaren %6ari baino ez dio lana ematen. Esparru guztietan, nekazaritza eta abeltzaintza txiki eta ertainak eta artisau-arrantza dira Merkataritza eta Inbertsio Itunek eta merkatuaren desarautzeak gehien eragiten dietenak. Horiek oligopolioaren eta merkatuaren gorabeeren menpe dagoen eta gero eta industrializatuagoa den eredu bat ezartzen dute, non ez den bermatzen prezio justurik ekoizleentzat.

Geroz eta handiagoa den elikagai osasuntsu eta jasangarrien eskariaren aurrean, sektore berriak loratzen ari dira eta hauei babesa eman behar zaie, besteak beste, ekoizpen ekologikoari, abeltzaintza estensiboari eta inpaktu baxuko artisau-arrantzari.

Ordea, osasun krisi egoera bizi dugun egun hauetan, ikusten ari gara nola tamaina txiki eta ertaineko nekazaritzak eta abeltzaintzak eta artisau-arrantzak, zein eskala txikian elikagaiak trasformatu eta banatzen dituzten sektoreak kaltetu handienak diren. Ez dugu ahaztu behar hauek oinarrizko baliagaiez hornitzen digutela ingurunea babesten duten bitartean eta hau ezinbestekoa dela datozen krisiei aurre egiteko beharrezko erresilientzia garatzeko. Bereziki eskala handiko elikagaien banaketarekiko gero eta mendekotasun handiagoa dago, eta horrek arriskuan jartzen du ingurugiro aldetik zein sozialki iraunkorragoa izanen den ekoizpen eredu agroekologikoa.

Ekoizle txiki hauek normalean erabiltzen dituzten elikagaien banaketarako kanala itxita daude edo larriki zaurituak. Lehentasunezkoa da kanal hauen funtzionamendua ziurtatzea, sektore honetaz bizi diren pertsonentzat, pertsona guztiek gure plateretan kalitatezko elikagai jasangarriak gure plateretan izaten jarrai dezagun, naturaren babesa eta landa eremu bizi bat ziurtatu ahal izateko.

Estatuen ardura da elikadura eta nutrizio egokirako eskubidea zein ekoizleen eskubideak bermatzea, are eta gehiago larrialdi garaian. Aldaketa sakonak behar dira gure kontsumo ereduetan zein elikadurarako nekazaritza ereduan, eta horretarako, politika publikoen bidez benetako babes bat eman beharra dago.

Sinatzen dugun eragileek honakoa eskatzen dugu:

  • Arau-ingurune egokia garatzea eta ezartzea (merkatuak erregulatzeko politikak eta tresnak, inbertsio eta erakunde-esparru integralak eta koherenteak, erosketa publikoa, etab. Barne hartuz), eskala txiki eta ertaineko nekazaritza eta abeltzaintzari eta artisau-arrantzari laguntzen diena, osasun-krisian gauden une hauetan nahiz etorkizunean beraien jarduera bermatu ahal izateko;
  • Landa-eremuetako gazteei eta emakumeei laguntzea, ekoizpen-aktiboak, baliabide naturalak, informazioa, hezkuntza, merkatuak eta politikak formulatzeko prozesuetan parte hartzeko aukera emanez, etorkizunean jarduera horiei eusteko eta enplegua sortzeko;
  • Herritarrei eta, bereziki, gehien behar dituztenei elikagai ekologikoak, tokikoak eta osasungarriak iristen laguntzea;
  • Nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-erakundeak eta haien gaitasunak sendotzea ezagutzak sortzeko, jakintzak transmititzeko eta tokiko ezagutza espezifikoa (tradizionala) irtenbide berriekin lotzeko;
  • Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza txiki eta ertainerako behar diren baliabideak hobetzea eta arrisku anitz eta berrien aurrean duten erresilientzia indartzea oinarrizko gizarte- eta ekonomia-zerbitzuak eskura jarriz, eta produkzioaren dibertsifikazioa erraztu eta sustatzea arriskuak gutxitu eta onura ekonomikoak areagotzeko;
  • Tokiko ekoizpen jasangarri batetik datozen produktu guztiak lehentasunez merkatuetara iristea sustatzea, bai orain bai etorkizunean. Halaber, beharrezkoa da produktuen artisau-eraldaketa sustatzea, higiene- eta osasun-arloko irizpide komunak erabiliz, kanal laburretan eta zuzeneko salmentan merkaturatzeko;
  • Politika publikoak eta babes ekonomiko nahikoa sortzea, zuzeneko salmenta, merkaturatze-zirkuitu laburrak, merkatu tradizionalak eta nekazariek eta kontsumitzaileek egiten dituzten ekimenak bultzatzeko.
  • Tamaina txiki eta ertaineko nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren jasangarritasuna sustatzea, herritar guztien elikadura-burujabetasunerako eta -segurtasunerako eskubidea bermatzeko, klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurkako elikadura-sistema erresilienteen bidez. Lurraren erabilera eta kudeaketa jasangarri bat eta ura, lurra zein bestelako baliabideetako sarbidea ziurtatuz.
  • Planeten mugak errespetatuko dituen, bidezkoa eta berdintasunezkoa izango den eta pertsona guztiei elikagai osasungarri eta iraunkorrak emango dizkien ekoizpen-eredu batean inbertsioa handitzea.
Descargar