Entrada de blog por Lorea Flores - 25-06-2020


Euskal hauteskundeak 2020: ekintza politikorako garaia da

Iñigo Urkullu lehendakariak Legebiltzarra desegitea eta apirilaren 5erako hauteskundeetarako deia egitea erabaki zuenean, seguru ez zuela imajinatzen etortzeke zegoena. Garai hartan hasi ginen Txinako koronabirusari eta haren hedapenari buruzko berriak entzuten, baina ez genuen uste pandemia horrek halako neurriak hartuko zituenik. Egun batetik bestera, goitik behera aldatu ziren gure bizitzak, eta momentu oso txarrak bizi izan ditugu. COVID-19ak eragindako krisia kolpe handia izan da gizartearentzat, baina gauzak beste era batera egiten hasteko aukera ere ematen digu, natura eta pertsonen bizitza erdigunean jarriz. Datorren uztailaren 12an, euskaldunok hitzordu garrantzitsu bat dugu hautestontziekin, 2024ra arte gure etorkizuna nork gidatuko duen erabakitzeko.

Alde horretatik, euskal gizarteak erronka handiak ditu aurrean. COVID-19ak eragindako pandemia mende honetako bi erronka handirekin bat egiten du: larrialdi ekologikoa eta gero eta desberdinkeria sozial handiagoa. Zientziak dio datorren hamarkada erabakigarria izango dela klimaren eta biodibertsitatearen krisiaren aurka jarduteko, eta datozen lau urteetan ezinbestekoa izango dela erantzun bat ematea ondorio atzeraezinak saihesteko. Egoerak orain eskatzen digu, denbora errekorrean, aurreko hamarkadetan planetaren muga fisikoen gainetik bizitzeak ekarritako ondorioak atzera botatzea.

Horregatik, datorren legegintzaldi hau erabakigarria da EAEn klima-aldaketaren ondorio atzeraezinak eta biodibertsitatearen galera saihesteko. Gaur egungo ekologia, gizarte eta osasun-krisian, irtenbideak ekonomia berde eta solidarioaren aldeko apustua egiteko aukera gisa har ditzakegu. Beste ekoizpen eta kontsumo eredu baterako trantsizioa inoiz baino premiazkoagoa eta beharrezkoagoa da. Euskal gizartearen oraina eta etorkizuna datorren uztailaren 12an aukeratuko diren pertsonen esku egongo da neurri handi batean. Ekintza politikorako garaia da. Bada garaia gure eta planetaren osasunaren alde bozkatzeko.

Horren aurrean, Greenpeacek dokumentu bat prestatu du, zeinetan hainbat neurri proposatzen diren, sistemaren eraldaketa ikuspegi berde eta sozial batetik egiteko. Dokumentuak lehentasunezko 20 neurri ditu, eta neurri horiek krisi ekologiko eta sozialari erantzun nahi dion edozein hauteskunde-programatan egon beharko lukete. Horrez gain, atal zabalago bat dauka dokumentuak gure erakundeak proposatutako neurri guztiekin.

Hauek dira lehentasun nagusiak hurrengo euskal hauteskundeetarako:

  1. Eredu energetikoa aldatzea. Transizio energetiko justu bat sustatzea, 2040rako zero emisio garbien helburua beteko dela ziurtatzeko.
  2. Elikadura osasuntsu eta jasangarria. Agroekologian eta “planetako osasun-dietan” oinarritutako elikadura subiranotasuna sustatzea eta artisau-arrantzaren aldeko apustu garbia egitea.
  3. Biodibertsitatea salbazio-taula gisa. Euskadiko biodibertsitate eta ekosistemen babesa erdigunean kokatuko duen baliabideen eta lurraldearen kudeaketa eta antolamendua bermatzea.
  4. Gure hiriak berrasmatu. Ekonomia zirkularreko eta zero hondakineko politikak lortzea, ekoizpen eta kontsumo eredua birmoldatuta, eta garraio garbiaren eredua ezarriko dela bermatzea.
  5. Bidezko Fiskalitate berdea. Trantsizio ekologikoa bultzatu eta desberdinkeria sozialak murriztuko dituen erreforma fiskala abian jartzea, pertsona guztiek oinarrizko baliabideak eskuratzeko eskubidea legez bermatuz.

Gaztelerazko bertsioa hemen.

Lorea Flores - autor del blog.
Lorea Flores
Licenciada en Biología y Master en Biodiversidad, Funcionamiento y Gestión de los Ecosistemas y Doctora en Ecología fluvial. Coordinadora de Movilización de Greenpeace en Euskadi y Navarra.
7 posts

¡ Comparte !


Comentarios

0 comentarios

¡ Comparte !