Natura Babesteko Nazioarteko Eguna dela eta, urriaren 18an

Greenpeacek ‘Los Otros Altri’ (Beste Altriak) txostena argitaratu du, korporazioek administrazioen konplizitatearekin balio handiko naturguneak nola mehatxatzen dituzten salatzeko

17-10-2025

  • Txosten horren bidez, erakundeak ohartarazi nahi du enpresek bultzatutako proiektuek, eta askotan erakundeen babesarekin, arriskuan jartzen dituztela naturagune babestuak, hauek bizitzaren eta etorkizuneko belaunaldien jasangarritasunerako ezinbestekoak badira ere
  • Espainiak aberastasun biologiko handia du, baina lurraldearen % 9 bakarrik dago kontserbazio-egoera onean, lurzoruaren erabilerak aldatzearen eta habitatak zatikatzearen ondorioz degradatuta baitago
  • Txostenak hainbat eremu eta sektore ekonomikotako proiektu suntsitzaileen adibide ugari azaltzen ditu, horien artean, Guggenheim Museoa Urdaibaiko Biosferaren Erreserban izan duen hedapena
  • GKEak mobilizazio sozialerako deia egiten du ingurumen atentatu horiek geldiarazteko, eta administrazio eta enpresei eskatzen die biodibertsitatea babesteko araudia bete dezatela, kudeaketan eta informazioan gardentasuna izan dezatela eta herritarren parte-hartze loteslea bultzatu dezatela

Gaur, Natura Babesteko Egunaren bezperan, Greenpeacek txosten berri bat argitaratu du Los otros Altri, o cómo las corporaciones amenazan la biodiversidad y las administraciones lo permiten (Beste Altriak, edo nola korporazioek bioaniztasuna mehatxatzen duten eta administrazioek hori baimentzen duten, euskaraz) izenburuarekin. Analisi zientifikoek baieztatzen dute maila globalean espezieen galeraren erritmoak eta habitat eta ekosistemen hondatzeak, nagusiki gizakiaren aktibitateak eragindakoak, ez dutela aurrekaririk gizateriaren historian. Testuinguru dramatiko horretan, Greenpeaceren txostenak agerian utzi eta salatu nahi du du hainbat sektore ekonomikotako korporazio-proiektu askok, batzuetan administrazioen babesarekin, arriskuan jartzen dituztela biodibertsitatea kontserbatzeko funtsezkoak diren naturaguneak. Proiektu kaltegarri horietako asko, gainera, natura babesteko figurak dituzten espazioetan planteatzen dira. Testuak ekintzarako dei gisa ere balio nahi du, lurralde osoan zehar proiektu suntsitzaile zehatzak geldiarazteko.

Espainia Europa mailan babestutako azaleraren liderra bada ere, interes komunitarioko habitaten % 8,9k baino ez du kontserbazio-egoera ona, eta mehatxatutako espezie gehien dituen Europako herrialdea da: % 12 eta % 14 artean desagertzeko arriskuan daude. Greenpeace-ren ustez, naturagune babestuak, bai eta beren ezaugarri ekologikoengatik legez babestuta egon beharko luketen beste ingurune batzuk ere, premieazkoa den biodibertsitatearen kontserbaziorako eta lehengoratzeko zutabeak dira estatuan eta munduan. Hala ere, leku horien zaintza eraginkorra bera ere auzitan dago askotan, batez ere sektore ezberdinetako korporazioek bultzatutako proiektuen garapenagatik, meatzaritzatik hasi eta energia, papergintza, turismo eta baita kultura arlokoetara ere.

Korporazio, enpresa eta administrazio publiko askok jarduera ekonomikoak egiteko leku soil gisa ulertzen dute lurraldea, eta ez dira beti bateragarriak bizitzaren iraunkortasunarekin. Greenwashing-a bezalako taktikak, proiektuen zatikatzea edo ingurumen-inpaktuaren azterketa ez oso zorrotzak erabiliz, proiektu suntsitzaileak bultzatzen ari dira balio ekologiko handiko naturaguneetan, horietako asko legez babestutakoak. Enpresen etekina naturaren gainetik jartzen dute, honek ematen dizkigun zerbitzu ekosistemikoak mespretxatuz eta datozen belaunaldien etorkizuna arriskuan jarriz. Horrelako proiektuak geldiarazi behar ditugu”, adierazi du Lorea Flores Greenpeaceko Euskadiko eta Nafarroako koordinatzailea eta txostenaren koordinatzaileak.

Txostenak korporazioek edo enpresek beren proiektuek aurrera egin ahal izateko erabiltzen dituzten taktika batzuk identifikatzen ditu. Taktika horien oinarria da informazio engainagarria zabaltzea (greenwashing, enplegu-promesak), borondateak erostea (lobby politikoa, eduki babestuak, gizarte-planak, ate birakariak), eta, sarritan, amarruak erabiltzea legeari iruzur egin ahal izateko, hala nola proiektuak zenbait proiektutan zatitzea edo natura-gune babestuen ertzean bertan planteatzea. Gainera, talde ekologistarentzat onartezina da proiektu kaltegarri horietako askok azkenean funts publikoak harrapatzea, trantsizio ekologikorako diseinatutakoak kasu.

Greenpeacek, halaber, proiektu horien inplementazioa errazteko administrazio publikoen permisibitatea, arduragabekeria eta, askotan, konplizitatearen gainean jartzen du begia. Izan ere, Europako Batzordeak ingurumen-arrazoiengatik irekitako arau-hausteen prozedura gehien dituzten herrialdeen sailkapeneko buru da Espainia. Bereziki, erakunde ekologistak mota guztietako arau desarautzaileen sorrera gero eta handiagoa salatzen du; “interes orokorrekoak”, “onura publikokoak” edo “proiektu estrategikoa” bezalako figuren iruzurrezko erabilera, salbuespenezkoak izan beharko luketenak baina askotan proiektuak errazteko arau bihurtzen direnak, eta “paperezko parke” asko egotea: itxuraz babestuta dauden baina kudeaketa plan eraginkorrik, jarraipen ekologikorik eta horiek modu eraginkorrean kontserbatzeko baliabiderik ez duten espazioak.

Euskadi ez da salbuespena, eta, beste lurralde askotan bezala, naturaren kontserbazioarekin eta biodibertsitatearen galeraren aurkako borroka globalarekin bateraezinak diren proiektuak planteatzen dira. Eta bioaniztasunik gabe ez dugu etorkizunik. Ez du inolako zentzurik administrazioek –eta enpresa askok ere bai– klima-aldaketarekin edo biodibertsitate-galerarekin dauden kezkei buruz hitz egitea eta, ondoren, Urdaibaiko Guggenheim Museoa bezalako proiektuak mahai gainean jartzea, Biosfera Erreserbaren kontserbazioan atzerapauso asko egitea ekarriko lukeena. Gizakiaren eta naturaren arteko orekaren sinbolo izan beharko luke ingurune haue,  eta ez garapen jasangaitz baten aldarri eta garaipen berri baten agertokia, iraunkortasunarekin apaindutakoa. Eromen suntsitzaile hori gelditu behar dugu”, esan du Lorea Flores Euskadiko Greenpeaceko koordinatzaileak.


Hamarnaka proiektu suntsitzaileren artean hamabi adibide

Galiziako Altriko makrozelulosa proiektuaren aurkako gizarte zibilaren mobilizazio masiboa lurraldearen defentsarako borroken sinbolo bihurtu da. ‘Beste Altriak’ aipatzean, Greenpeacek adierazi nahi du askoz ere proiektu gehiago daudela balio ekologiko handiko espazioak mehatxatzen dituztenak. Horien guztien artean, erakundeak 12 aukeratu ditu, fitxa moduan xehetasun gehiagorekin azaltzen direnak, enpresen taktika kaltegarriak eta administrazioen utzikeria modu argiagoan ikusarazteko asmoz. Erasoek lurralde osoari eragiten diotela erakusten dute adibide horiek, eta askotariko sektore ekonomikoetatik iristen dira: papergintza eta abeltzaintza, meatzaritza, energia, turismoa, komunikazioak eta baita kultura ere.

Hauek dira txostenean zehaztutako adibideak: Los Frailes meategia berriz irekitzeko proiektua Aznalcóllarren, jatetxea eta glamping-a Boloniako hondartzan, gasa biltegiratzeko proiektua Doñanako Parke Nazionalaren inguruan eta Genovarren hondartzan proiektatutako hotela Andaluzian; Berriztagarrien Klusterra Maestrazgoan eta Eski estazioak batzeko proiektua Aragoien; cuna del Alma proiektu turistikoa Adejen, Kanarietan; Bartzelona-El Prat aireportuaren zabalkuntza Katalunian; Guggenheim Museoaren hedapena Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Euskadin; Altriko zelulosaren makrofabrikaren proiektua A Ulloan, Galizian; eta Valle de Odieta etxaldearen zabalkuntza Caparroson, eta mehatze proiekktua Erdizen Nafarroan.

Urdaibaiko Guggenheim: nola aurre egin naturari eta kulturari alferrik

Kasu honek erakusten du itxuraz ingurumenerako kaltegarriak ez diren proiektuek (museo batek, adibidez) benetako arriskua sor dezaketela biodibertsitaterako, baldin eta natura-balio handiko eta giza presentziarekiko oso sentikorrak diren eremuen bihotzean kokatzen badira. Gainera, enpresa sustatzailearen eta Administrazioaren arteko konplizitatearen adibide argia da, izan ere, proiektu hau ezingo litzateke aurrera eraman instituzioak bultzatzen ari diren lege aldaketarik gabe, nahiz eta proiektuaren aurkako jarrera sozial handia egon. Museoaren bi egoitza berri eraikiko dira; guztira 60.000 metro karratu hartuko dituzte eta Erreserba zeharkatuko duen pasabide batek lotuko ditu. Helburua “eskualdeko kultur eskaintza zabaltzea eta turismoa erakartzea” da.

Proiektu honek Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruko eremu babestuei eragingo lieke, hala nola, Ramsar Hitzarmenak Nazioarteko Garrantzizko Hezegunetzat hartzen duen Gernikako Itsasadarrari, Urdaibaiko itsasadarreko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuari (HBBE) eta Kontserbazio Bereziko Eremuei (KBE). Eremu horiek funtsezkoak dira galzorian dauden espezieak babesteko, hala nola bisoi europarra, Avetoro edo Espatula Arrunta.

Greenpeacen eskaera nagusiak:

  1. Ingurumenerako kaltegarriak diren diru-laguntzak kentzea.
  2. Informazio Ez-finantzarioaren Legea aldatzea, enpresa handiek ingurumen-inpaktuari buruzko informazio egokia ematen dutela bermatzeko.
  3. Eremu babestuen babes eraginkorra, kudeaketa-plan egokiekin, jarraipen ekologikoarekin eta kontserbazio eraginkorrerako baliabide egokiekin.
  4. Babestutako guneak babesteko orlak berrikustea, sortzea eta/edo handitzea.
  5. Lurraldeen arteko oreka eremu babestuetan, bai babestutako azaleraren portzentajean, bai habitaten adierazgarritasunean eta kudeaketa-planen eraginkortasunean.
  6. Espezie mehatxatuei buruzko araudia betetzea, espezieak kontserbatzeko eta leheneratzeko planei dagokienez.
  7. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioetako abusuen berrikuspena.
  8. Lobbyen, ate birakarien eta interes-gatazken gaineko kontrol handiagoa.
  9. Greenwashing-aren eta beste enpresa-jardunbide desegoki batzuen aurkako legeria.
  10. Europako Batasunak (EB) Espainiako estatuari zuzendutako ingurumen-arloko arau-hausteen prozedurak ebaztea.
  11. EBko Natura Lehengoratzeko Erregelamendua (2024) babestea; erregelamendu horrek 2030erako lurreko eta itsasoko lurraldeen % 20 leheneratzera behartzen ditu estatu kideak, bai eta 2050erako behar duten ekosistema guztiak leheneratzera ere.
  12. Parte-hartze publiko loteslea sustatzea.
  13. Arau-gardentasuna eta erregulazio eraginkorra, herritarrek parte hartzen dutela erabilera publikoko, interes orokorreko, proiektu estrategikoko eta abarretako figuretan, eta haien gehiegizko erabilera ekiditea.
  14. Gardentasuna eta korporazioen kontuak ematea.
  15. Landa-eremuari eta jarduera agroekologikoei laguntzea.
  16. Klima- eta biodibertsitate-politikak integratzea.
  17. Nazioarteko hitzarmenak berrestea eta betetzea, hala nola Kunming-Montrealeko Biodibertsitatearen Munduko Esparrua.
  18. Ingurumen eta gizarte protestak kriminalizatu eta erreprimitzeko balio izan duen Mozal Legea indargabetzea.

 

Informazio gehiago:


Partekatu!